Arabako Mendialdeko herri honetan egiten diren udalekuetan gertatutakoari buruz idatz nezakeen, baina ez daukat ez dakidanaz idazteko ohiturarik. Hainbat umek eta nerabek, haien gurasoen lekukotzen arabera, gaizki pasatu zuten, zaindu eta babestu behar zituztenek sufriarazi egin zietelako. Begiraleak ere aditu eta ulertu ditut. Nik ere dena lehenbailehen argitzea nahi nuke.
Halere, gertakari horien inguruan jazotakoari arreta eman nahi diot. Ume eta nerabe horiek beste helburu batzuekin erabili baitituzte. Lehenengo eta behin, Euskal Udalekuei erasotzeko, horra hor, Vocentok azken asteetan egindako kanpaina. Gogoratu behar dugu ez dela lehena, ala "harriak motxilan" ahaztu zaizkigu? Vocentoren interes euskarafoboei, ordea, beste batzuen fobiak batu zaizkie, transfobia, besteak beste.
Hezkuntza katolikoaren seme-alaba garenontzat ez da beti erraza izan ikuspegi eta molde berriei geure buruan eremuak zabaltzea. Ahalegin kolektibo serioa izan da gorputzak, hizkuntza, jokabideak eta esparruak desexualizatzea, desberdinen arteko berdintasunezko harremanak sustatzea. Munduko pertsonarik aurreratuenak izan gabe, ikasteko asko desikasi behar izan dugu. Gaur da eguna, zeinean oraindik ulertzen ez ditudan errealitateak dauden. Errealitate horiek ukatzeak ala baztertzeak, ostera, ez du ezer konpontzen, errealitate horiek izaten jarraituko dutelako. Gaur da eguna, zeinean ulertzen ez dudana kemen handiagoz ulertzen saiatzen naizen, eta bitartean onartzen eta errespetatzen dut.
Haurrek benetan kezkatzen baldin bagaituzte, ez ditugu elkarren aurka laban edo barrikada gisa erabili behar. Hezkuntzak bere osotasunean merezi duen hausnarketarako eztabaida eraikitzaileak aldarrikatzen ditut, sorgin ehizarik gabe. Haurrak zaintzeko eta babesteko beharrezkoa da haiei egia osoa esatea: denak ez direla haiek bezalakoak, errealitatea maiz guk nahi baino konplexuagoa dela, galdera guztiek ez daukatela beti erantzun bakarra, zuzena eta zehatza, eta haur guztiak zaintzeko eta babesteko modua dela inoren izaera ez ukatzea, ezta baztertzea ere.
Hasier Arraiz.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.