Iritzia

Ultraeskuina gure artean ezkutatzen da eta noizean behin belarrira xuxurlatzen dit

Erabiltzailearen aurpegia Hasier Arraiz

Vox-ek migrazioaren gorakadari buruzko kartelak jarri ditu Gasteizen. Argazkia: M. ETXEBARRIA

"Norbaitek kontatu du gelan euskara maila jaitsi dela etorkinez beteta dagoenetik..."

Euskal Herrian, Vox alderdiak erakunde publikoetan daukan eserleku kopuru urriarekin eroso bizi gara. Autokonplazentzia ere, nonbait, gure nazio izaeraren bereizgarri bilakatu da. Eskuin muturreko populismoek Europa eta Amerika osoa hartu dituzte, baina badago neofaxismoen mapamundi berrian Kantauriko hegian uharte txiki bat, Pirinioen bi aldeetan, Asterix eta Obelixen komiki zahar haietan bezalaxe. Geurean ultraeskuinak ez dauka indar instituzionalik, euskal herritarrok hobeak ez, ezta txarragoak ere, baizik eta diferenteak garelako.

Ez dut nik ukatuko herri gisa maiz adierazi dugun tradizio antifaxista, ezta borrokak berak urte luzetan utzitako ondarea ere. Segur aski, hori guztia eta bizirik irauteko erakutsitako herri-imajinario berriak sortzeko, aberasteko eta errealitateen arabera moldatzeko gaitasunak honaino ekarri gaitu. Bereizten gaituzten ezaugarriei buruz garagardo eta ardo zuritan hitz eta pitz gauden bitartean, norbaitek kontatu du bere semearen gelan euskara maila ikaragarri jaitsi dela etorkinez beteta dagoenetik, beste batek esan du "queer" teoriak gehiegikeria izateaz gain, gure nerabeak nahasten dituztela eta bere ikastetxean neska bat potolo dagoela ez onartzeagatik mutil sentitzen dela esaten hasi dela, segurtasuna auzo batzuetan arazoa dela, hobe da orduaren arabera kale batzuetatik ez pasatzea, betikoak dira, lehen Gasteizen ez zen halakorik gertatzen, beste batek dio EAJtik ideologikoki ezin urrutiago dagoela, baina Diaz Antxustegi eledun berriak argi eta garbi hitz egiten duela eta berak hori gustuko duela eta berak ere uste duela Euskal Herria migranteez betetzen bazaigu, "Herria" ez dakiela, baina "Euskal" izateari utziko diogula eta norberak bere migrazioa ordenatzea ere burujabetza dela.

Azken garagardoa bereziki garratza iruditu zait, zintzurretik behera igarotzea ere kostata. Agian edateari utzi behar diot. Hirian zenbait herritarrek mugimendu berri bat eratzeko borondatea adierazi du, "Gasteiz Anitza" du izena.

Hasier Arraiz.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago