"Txikitatik polizia bokazioa izan dut. Ez dut gogoratzen beste lanbide bat egin nahi izana. Ez pentsa nire bokazioak zerikusirik duenik telebistan ikusitako CSI eta antzeko telesailekin. Ez nuen neure burua halakoetan ikusten. Nik ez nuen super-poli bat izan nahi, ezta hurrik eman ere. Nik polizia arrunta izan nahi nuen, jendearen mesedean lan egiteko, jendea babesteko, jendea zaintzeko.
Gurasoei nire bokazioa onartzea kostatu zitzaien; suhiltzaile, erizain edo iturgin nahiago ninduten, inork ez duelako bere etxean poliziarik nahi, familian polizia tradiziorik ez badago, noski. Onartu zuten, beste erremediorik ez zeukatelako. Orduan alde onei begiratzen hasi zitzaien, soldata, plusak, ordutegiak eta baldintzak… Arriskuak alde batera utzita, ez zegoen hain gaizki. Ertzaina izateko oposizioetan izena emateko gomendatu zidaten, baina nik ez nuen Jusapolen edo antzeko batean amaitu nahi. Lehen esan dut, neurea jendea zaintzea da.
Horregatik udaltzain egin nintzen, herritarrengandik ahalik eta hurbilen egoteko asmoz, haiei laguntzeko eta auzoa zaintzeko. Duela gutxi Gasteizko Udaltzaingoan hasi nintzen. Egia esan, momentuz herritarrak zaintzeko modua etorkin jatorriko gazteei eta kalean bizi diren gizajoei hemen nork agintzen duen gogoraraztea izaten da. Ez da askoz gehiago behar, berez, lasaia eta seguru samarra den hiri honetan. Halere, gure lan baldintzak hobetzeko ardura-greba hasi dugu. Horrek esan nahi du gure erreibindikazioak lortzeko herritarrei ahalik eta isun gehien jartzen ahalegintzen garela, lankideek diote jarrera gogortu behar dugula goikoek kasu egiterik nahi badugu. Goikoak presionatzeko aurrerantzean are isun gehiago jarri behar dugula, alegia. Gaur umeak uzteko orduan ikastetxe guztien parean egoten diren gurasoen kotxeekin hasiko gara. Dagoeneko emazteari esan diot gaur gureak autobusez edo oinez eramateko."
*J.M.L. Gasteizko udaltzainak inoiz Arabako ALEAri egin ez dion adierazpena.
Hasier Arraiz.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.