Txikitatik ikasten dugu seguru sentitzearen garrantzia. Haur txikientzat ia dena mehatxu edo arrisku izaten da, horregatik umeak zaintzerakoan haiek babestea eta seguru sentiaraztea funtsezkoa da. Hazi ahala geure burua babestekotan mehatxu eta arriskuekiko kontzientzia areagotzen da. Guztiok seguru sentitu nahi dugu, geureak seguru egotea nahi dugun bezala, segurtasuna elkarbizitzarako osagai garrantzitsua baita.
Azkenaldian, Gasteizko Errota auzoan segurtasun ezarengatik mobilizazioak egin dira. Herritar anonimoek deitu dituzte, nonbait, interes alderdikoirik gabe, auzoko egoeraz kezkatuta. Ez naiz nor kezka hori gutxiesteko. Auzoko zenbait lonjatan egoera larriak gertatu dira, haietatik bat baino gehiago oso bortitzak eta arbuiagarriak. Inork ez du halakorik gertatzea nahi, edo ozenki esaten ez badu ere, ez du behinik behin gertatzen diren lekuen ondoan bizi nahi.
"Nago ezkerra ezin daitekeela gizartean gertatzen denaren arbitro morala izatearekin konformatu"
Errotako mobilizazioetan PP eta Vox alderdietako ordezkariren bat edo beste agertu da. Ez dut honekin haiek antolatu dutenik esan nahi, baina ez dut uste handik oso urruti daudenik. Errotako mobilizazio horiei, Donostiako afari solidarioen aurkakoei bezala, ultraeskuinaren kiratsa darie, aporofobia eta bazterkeria usaina, hain zuzen ere. Ultraeskuinak ez dauka gaur-gaurkoz indar sozialik Euskal Herrian, baina adi egon gaitezen, ultraeskuinaren agenda politikoa gero eta herritar gehiagoren arteko elkarrizketetan baitago.
Normalean, adinak norberak bere iritziekiko segurtasuna gutxitu egiten du, edo hala behar luke, bestela urteetan zehar ikasteko aukera gehiegi galdu izanaren seinale. Hala nago ni neu, inolako segurtasunik gabe, gero eta zalantza gehiago, alegia. Baina nago ezkerra ezin daitekeela gizartean gertatzen denaren arbitro morala izatearekin konformatu, hots, ez da aski esatea zer dagoen ondo eta zer gaizki, eta berriro ere arazo errealen aurrean proposamenak eta ekintzak eskaini behar dituela, bestela herritarrek eragile baino ikusle izatera kondenatuko dute.
Hasier Arraiz.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.