Maialen Lujanbio bertsolariak ideia bera nik baino askoz hobeto adieraziko zuen, edo akaso berak beste gauza bat esango zuen eta nik halaxe ulertuko nuen, dena dela, nire gogoan ideiaren amatasuna Lujanbiorena da eta ez neurea (badaezpada ere). Lujanbiok gutxi gorabehera esan zuen, edo behinik behin nik halaxe ulertu nuen, euskaratik eta euskaraz bizi izaten saiatzen garenoi "paletismoa" ("paletoak" izatea) leporatzen digutenek sarri askotan haien mundu ikuskera Espainiako mugetara murriztu ohi dutela, haien balizko kosmopolitismoa zein mugatua den agerian utzita.
"Euskara kutsua duen oro ezkutatzen dute, nahikoa kosmopolita ez delakoan"
Kontua da gure Araban, non azken hamarkadetan euskara poliki-poliki gizarte eremuak berreskuratzen hasi den, instituzio nagusi batzuk —haien artean erakunde publiko nagusiak— euskara kutsua duen oro ezkutatzen edo baztertzen dute, nahikoa kosmopolita ez delakoan, eta gaztelaniaren nagusitasuna areago indartzen dute, horrela Arabako ateak munduari parez pare irekiko dizkiotelakoan. Horrela espainiar mundu ikuskera indartzen eta zabaltzen ari dira, besterik ez. Ikuspegi irekiagoa izatea eta aniztasuna benetan aintzat hartzea beste kontu bat da, gehien-gehienetan dezente konplexuagoa. Ni nago gaur egun hegemonikoa den espainiar mundu ikuskera hori gutxiengo gehienekiko zeharo baztertzailea dela. Gure inguruan berriki ezagututako adibiderik? FesTVal delako nabarmenkeria espainiarraren gorazarre hori, hemen edo berdin-berdin Valladoliden egin zezaketen horixe, non Pablo Motos eta Iker Jimenez bezalako pertsonaia atzerakoiei sariak ematen zaizkien, edo Alaves-Baskonia enpresa taldearen komunikazio politika, zeinak behin eta berriz euskal hiztunei bigarren (edo hirugarren) mailako zaleak direla oroitarazten dien.
Inguru honetan "kosmo" gutxi, "politak" norberaren gustu estetikoaren arabera eta betiko espainolismo zaharmindua mozorrotzeko janzkera maiztu ugariak.s
Hasier Arraiz.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.