Uda heldu da, edo hori dio egutegiak, eta harekin badatoz oporrak. Batzuk oporrak uztailean, beste batzuk abuztuan eta umeak eta irakasleok denbora guztian. Oporrekin batera aldatzeko gogoa suspertzen zaigu, ohikoa alde batera utzi eta gorputzak nahiz buruak atseden hartzeko errutinatik kanpokoari ekiten diogu.
Batzuetan aldaketak xumeak dira, iratzargailua itzaltzea, esaterako, eta beste batzuetan testuinguru osoa aldatzeko asmoz munduko beste puntara jo eta inoiz egin ez duguna probatzen hastea. Aspaldion, ordea, aldaketa txikiek gure artean zale gutxi omen daukate eta badirudi oporrak ezinbestean bidaia luzeekin lotu beharra dagoela. Agian horregatik jendea gero eta urrutirago bidaiatzen da, bidaiatzeak aberatsen pribilegioa izateari utzi diolako ala azkenaldian langileok klase kontuetan nahastuta samar ibiltzeagatik, "aberats berriarena" egitea gero eta gustukoago dugulako.
"Turismoaren aurkako militantzia, ordea, aste batzuetan etengo dugu..."
Bide batez, hilabeteotan Ironman dela, Jazzaldiak bestela, katedrala ala hemen terrorista bakarra kapitala, gure hiriak eta herriak turistez betetzen zaizkigu. Non hobeto (eta seguruago) Euskal Herrian baino (hainbeste polizia metro koadroko)? Gu turistifikazioaren aurka gaude, turistek den-dena garestituz, etxebizitzatik hasita, bertakoei bertan bizi izatea gero eta zailagoa eginez gure auzoak hiltzen dituztelako. Berriki Gasteizko Alde Zaharrean bi atariko etxebizitza guztien jabeek eraikin horietan "pisu turistikorik" ez onartzeko adostasuna izenpetu eta aldarrikatu dute. Horra hor eredua, hiri osoan, herri guztietan egin beharreko bidea, hain zuzen ere. Turistifikazioaren aurkako borroka latza da, baina ezinbestekoa da gure auzoak eta herriak turismoaren parke tematiko bilakatu beharrean bertako biztanleentzat izatea eta ondorioz, urte osoan zehar bizirik irautea nahi badugu. Turismoaren aurkako militantzia, ordea, aste batzuetan etengo dugu, berehala Tailandiara baikoaz, guk geuk ere geure burua indarberritu behar dugu eta.
Hasier Arraiz.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.