Pasa den astean Gasteizko Foru Plazak mobilizazio berezia hartu zuen: umeen (eta haien gurasoen) ekimena beste ume batzuen alde, Palestinakoen alde, hain zuzen ere. Mobilizazio jendetsua izan zen, kolorez eta musikaz betea eta oso alaia, sekulako mina ematen diguten hilketarik ankerrenak salatzeko asmoz. Umeak protagonista dituen mobilizazioa berezia da oso, genozidio baten aurka jai giroan protestatu nahi duena are bereziagoa.
Mobilizazio haren berezitasuna, ordea, ez datza bakarrik horretan. Bere sorburua ere berezi samarra izan zen, zeren eta entzundakoaren arabera, Zabalganean bizi diren bi anaiaren ekimena izan zen. Egia esan, anaiak ere berezi samarrak dira, duela gutxi zeharo ezezagunak jende gehienarentzat, harik eta duela urte batzuk Elon Muskek erositako sare sozialari esker ezagutzen hasi arte. Sare sozialetan beren iritziak, lanak eta deialdiak egiten ohituta, berriki eremu birtualetatik eremu errealetara jauzia egitera ausartu dira, ausardia falta ez zaielako eta lotsa ez dutelako bidaide.
"Duela gutxi zeharo ezezagunak jende gehienarentzat, harik eta duela urte batzuk Elon Muskek erositako sare sozialari esker ezagutzen hasi arte"
Inork ulertu baldin badu bi anaia hauen ekimen hau edo haien jokaera kritikatzen ari naizela, oso oker dabil. Txundigarria iruditzen zait haien jokaera, hain lotsarik eta konplexurik gabea, nahiz eta nire kultura politikoarekin bat egiten ez duela onartu. Hala ere, nik doinua jotzen ez jakiteak ez du esan nahi garaiari dagokion doinu gisa identifikatzen ez dudanik. Agian, seguru asko, niri ere gero eta gehiago kostatzen zait gure garai hau nolakoa den ulertzea, nola sortzen diren mugimendu berriak, ze azkar agertzen eta desagertzen den guztia. Horregatik akaso oraindik harritzen nau nire kultura politikoaren baitan sentitzen ditudan beste batzuei (alderdi politikoei, sindikatuei, elkarteei, herri mugimenduari…) mundu mailako injustiziarik handienaren aurrean nola kostatzen ari zaien hainbeste erreakzionatzea.
Hasier Arraiz.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.