Pasa den larunbatean Mendizorrotza kiroldegira itzuli nintzen. Itzuli, idatzi dut, zeren eta pabiloi hori neure gogoan Laboral Kutxak antolatzen zituen Olentzero jaien eta Essie Hollisek jokatzen zituen saskibaloi partiduen oroitzapenez beteta baitago. Larunbatean, ordea, alabekin eta beste lagun batzuekin Araski ikustera joan ginen.
Ondoan Alaves Mallorcaren aurka jokatzen ari zen, baina Mendizorrotza pabiloiak une hartan Mendizorrotza futbol zelaitik oso urruti zirudien: hemen, giro lasaia, oso lagunartekoa eta, batez ere, ikusleentzat hurbila, oso hurbila, noski, ikuskizun izaerari uko egin gabe. Saskibaloi pasioak bizitzen dituen jokalariekin batera, Araski zaletasuna militantzia bilakatu duten hamarnaka lagunek zabal-zabal hartu eta partiduaz gozarazi gintuzten. Zer esanik ez, Araskik azken segundoetan galdu arren umeek primeran pasatu zuten, jokalari guztiak ezagutzeko eta Katamotz maskotarekin zelai erdian dantzatzeko aukera izan zuten eta. Speakerra euskaraz saiatu zen, hizkuntza hau beti lehenetsiz, nahiz eta oraindik gaztelaniak jaun eta jabe jarraitu.
"Maiz pentsatzen dut ea ez den hobe pixka bat atzera egitea, atzera hori irudi kontua baino ez bada ere"
Araskin argi eta garbi omen daukate kirol arloan erreferente berriak sortzen ari direla, XXI. mendeari dagozkion balioei lotuagoak, nonbait. Emakumezko saskibaloiaren aldeko apustu hau ez baita Lehen Mailako talde profesionalera mugatzen, ezta gutxiago ere. Pasa den larunbatean jokalari horiei beha zeuden neskato guztiak, beheko mailetan lagunekin jokatzen dutenek osatzen baitute Araskiren apustua. Zalantzak sortu zitzaizkidan ea aurrera egitea izango ote litzatekeen gizonezkoen eliteko kirol jardueren ereduari jarraitzea ala horiek ere ez ote zuten Araski dagoen lekura itzuli behar izango, benetan aurreratuak izan daitezen.
Gure mundu digital berrian begirada pausatzen dut, sarri askotan inora ez doazen bere gorabehera etengabeekin, eta maiz pentsatzen dut ea ez den hobe pixka bat atzera egitea, atzera hori irudi kontua baino ez bada ere, aurrera egiten jarrai dezagun.
Hasier Arraiz.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.