Auzoaz kutsatzea galaraziko duen txertorik ez da aurtengo Zaharraz Harro jaietan

Erabiltzailearen aurpegia Hala Bedi 2020ko eka. 22a, 15:30
Zaharraz Harroko bazkari autogestionatua. / HALA BEDI

Gasteizko Alde Zaharreko jaiak astelehen arratsaldean hasiko dira, auzo harrotasuna eta autogestioa ardatz. Ekainaren 28ra arte dozenaka ekintza antolatuko dituzte auzoari kolorea eta bizitasuna emateko helburuarekin.

Astelehen honetako arratsaldean, txupina lehertzearekin batera hasiko dira Gasteizko Alde Zaharreko jaiak. Auzoaz kutsa zaitez! lelopean, bere hamabigarren edizioari helduko dio Zaharraz Harrok, auzotik eta auzoarentzako sortutako jai autogestionatu eta partehartzaileak. Egitarau oparoa osatu dute ekainaren 28ra bitartean, Alde Zaharrari bizitasuna eta kolorea emateko: hitzaldiak, mahai-inguruak, bertso saioak, musika emanaldiak, umeentzako ekintzak, kaleko zinema, kirol jarduerak…

Aste osoan zehar zenbait erakusketa eta azoka egongo dira auzotik. Zaharraz Harroko kideek argazki erakusketa osatu dute Alde Zaharreko iragana gertuagotik ezagutzeko; ibilbide bat prestatu dute kaleetan zehar argazkiak jarraitu ahal izateko. Gainera, Zapateneo kultur elkarteak banatzaileen eta liburuen azoka jarriko du martxan ekainaren 23tik 27ra, Zapatari kalean bertan.

Aldarrikapenerako tartea ere izango da aurtengo Zaharraz Harron. Ostiralean, ekainak 26, Auzoan Bizi plataformak manifestazioa egingo du Alde Zaharrean zein Gasteizen bizi den etxebizitza larrialdi egoera salatzeko. Ekainaren 28an, LGTB+ askapenaren nazioarteko egunean, E28 koordinadorak deitu duen mobilizazioarekin bat egingo du Zaharraz Harrok.

Berri hau Hala Bedik argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai, osorik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide