Bideo lehiaketa

'Bonbillawood' eta 'Burua(k) argitzeko izpiak', bideo lehiaketaren irabazleak

Erredakzioa 2020ko eka. 19a, 17:30

'Bonbillawood', Bittor Abasolo eta Galder Beramendi / 'Burua(k) argitzeko izpiak', Mikel Ezkerro

545 botorekin, Galder Beramendi eta Bittor Abasoloren Bonbillawood izan da ALEAkideen sariaren irabazlea. Bestalde, epaimahaiaren saria Mikel Ezkerrok irabazi du Burua(k) argitzeko izpiak lanarekin.

Lan bikainak utzi dizkigu Zaharraz Harrok eta ALEAk elkarlanean antolatutako (Des)konfinamendua argituz bideo lehiaketak, eta bizi dugun egoerari irudimenez aurre egitea lortu dugu. Hortaz, mila esker eta zorionak parte hartzaile guztiei, benetan gozatu dugulako horietako bakoitza ikusten.

Zaharraz Harroko egitarauaren barruan, ekainaren 23an -asteartean-, 22:00etan Santa Maria plazan proiektatuko dira bideo guztiak, eta baita argitaratu gabe gelditu diren beste batzuk ere. Txalometro bidez aukeratuko da Zaharraz Harro sariaren irabazlea, eta @_haritan artisauaren makrame bitxi sorta bat eramango du.

Bestalde, oinarrien arabera, bi irabazle nagusi atera dira lehiaketatik, eta horrela geratu da sailkapena:

1. ALEAkideen saria: Bonbillawood

Bideoaren originaltasuna eta kalitatea baloratuz, Bittor Abasolo eta Galder Beramendiren Galbitx Productions-en lanak eraman ditu publikoaren boto gehienak (545), eta, beraz, ALEAkideen saria irabazi du: Errigorako saski bat. Zaharraz Harroko film laburren txapelketatik iritsitako bideoa.

2. Epaimahaiaren saria: Burua(k) argitzeko izpiak

Publikoaren 500 botoek bigarren postura eraman dute, eta ALEAko lantaldeak erabaki du epaimahaiaren saria Mikel Ezkerroren lanari ematea. Izan ere, atzean dagoen lana erakusten du bideoak, ondo eraikitako gidoiari dagokionez eta baita irudien kalitateari dagokienez ere. Beraz, GoPro motako kamera bat irabazi du.

3. Lanparraina

Esti, Amaia eta Gorkaren lana. Zaharraz Harroko film laburren txapelketatik iritsitako bideoa.

4. Landa nazazu

Yoji Kemlo eta bere tomateen lana.

5. Konfinamenduko argi ilunak

Mitxel Elortzaren lana.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago