Aramaioko Sanmartinak, iruditan

Erabiltzailearen aurpegia Goiena 2023ko uzt. 4a, 09:00

Aramaioko Sanmartin jaiak agurtzeko afaria egin dute astelehen honetan Herriko Plazan. Hori bai, mozorroa soinean jantzita bildu dira mahaiaren bueltan. Hala, sabela bapo beteta agurtuko dituzte aurtengo herriko jai nagusiak Aramaion.

Horrez gain, Goiena hedabideko Mirari Altube Arrese eta Aitor Agiriano Arrese kazetariek Aramaioko Sanmartinak 2023 jaien jarraipen berezia egin dute egunotan:

Ekainak 30, ostirala

Aramaioko sanmartin jaien hasiera

Hemen Debagoiena saioak jaietan jarraitzen du eta Aramaioko Sanmartinen hasiera jaso du. Txupinazoa Dukiena jatetxeko ugazaben eskutik, Anbotoko Mariren jaitsiera eta gehiago izango dira Goiatz Arana kazetariak aurkeztutako saioan, hainbat gonbidatuk lagun eginda.

 

Gogoz hasi dituzte Sanmartinak Aramaion

Dukiena jatetxeko ugazabek izan dute aurten txupinazoa botatzeko ardura; hain zuzen, Edurne Isazelaia eta Dioni Elorza izan dira udaletxeko balkoian. Aurrez baina, Anbotoko Mariren jaitsiera ikusteko aukera izan dute gerturatu diren herritarrek. Gaur hasi eta astelehena bitartean izango da zertaz gozatu Aramaion.

Uztailak 1, larunbata

Patata-tortilla onena nork egingo lehian

Patatak, arrautzak, gatza eta olioa jaso dute antolakuntzaren eskutik parte hartzaileek eta nahi eran prestatzeko aukera izan dute. Errezeta ezberdinak mahai gainean jarrita, Haritz Errastik egindakoa izan da onena nagusien kategorian eta haurrenean, berriz, Izaro Telleria eta Xabi Rok egindako tortilla izan da goxoena. Itxura, mozketa eta zaporea izan ditu epaimahaiak kontuan irabazlea erabakitzerako orduan.

Egurrezko jolasak, txikienen gozagai

Egurrezko jolasetan aritzeko aukera izan dute Aramaioko haurrek, Herriko Plazan. Gustura aritu dira hala lagunartean jolas ezberdinak probatu eta bakoitzaren trebeziak erakutsiz. 0 eta 3 urte bitarteko haurrek ere izan dute propio jolaserako gunea.

Uztailak 2, igandea

Harrera egin diete iazko jaietatik hona jaio diren lau umeri

Gaur arratsaldean, iazko festetatik jaio diren lau ume aramaioarrei ongietorria egin diete. Kalejira elizan hasi da eta handik plazara joan dira dantzariek lagunduta. Behin plazan, zapia jantzi diete txikiei eta ondoren, dantzariek dantza-erakustaldia egin dute. Gainera, omenaldia jaso dute dantza-taldeko irakasle eta zenbait kidek.

Eusko Labeldun saiheskia, Sanmartinetan

Herriko Plazan parrila jarri eta bertan prestatutako saiheskia dastatzeko aukera izan zuten Aramaion. Urteroko hitzordu bihurtu da hala Eusko Label produktuekin mokadutxoa jateko tartea hartzea, herriko jaietan.

Uztailak 3, astelehena

Kuadrillen arteko pikie, bixi-bixi

Kuadrillen arteko pikie egin dute San Martin jaien barruan. Sei talde animatu dira parte hartzera eta lau proba eta finala gainditu behar izan dute garaipena lortu ahal izateko. Beste urte batez, katxi-toldo proba izan da arrakasta gehien izan duena. Aurten, Skykraft taldeak lortu du garaipena. Hala, aurreko urtean ere irabazle izanda, bi urtez lortu du taldeak lehen postua.

 

Kronika, argazki galeria eta bideo hauek GOIENAk argitaratu ditu eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albisteak hemen dituzu osorik ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago