Pou anaiak

"Beharra egonez gero, lanera bulegora joango ginateke"

Erabiltzailearen aurpegia Txomin Madina 2021ko abe. 27a, 06:00

'Aupa Pou! Bizitza sokaz lotuta' liburua aurkeztu dute Pou anaiek. / Pou anaiak

Eskaladaren mundua gertutik jarraitzen dutenen artean ez dute aurkezpen askorik behar Pou anaiek; eta jarraitzaile ez diren askok ere jakingo dute gasteiztarrak abilak direla paretetan gora. Aupa Pou! Bizitza sokaz lotuta liburuan jaso dituzte euren ibilbidearen nondik norakoak.

Eneko (Gasteiz, 1974) eta Iker (Gasteiz, 1977) Pou, 1990eko hamarkada hasieran hasi ziren eskalatzen. Ordurako, ondo ezagutzen zituzten hemen inguruko eta Pirinioetako mendi garaienak. Ordutik, zazpi kontinente eta ia 60 herrialde zapaldu dituzte. Pandemiak eragindako geldialdian ere ez dituzte lasai izan eskaladak laztutako eskuak: paretak igotzeko beharrean, Aupa Pou! Bizitza sokaz lotuta idazteko erabili dituzte. Hainbat herritan egin dute liburuaren inguruko emanaldia.

Bietako nor izan zen paretetan gora ibiltzen lehendabizikoa?

Iker Pou: Eneko ni baino zertxobait zaharragoa da, eta bera hasi zen, 1991n. Handik urtebete ingurura hasi nintzen ni.

Eneko Pou: Ilusio handiarekin ekin genion eskalatzeari. Txikitatik mendian gurasoekin ibiltzera ohituta geunden eta eskaladan hasi ginenerako, Pirinioetan 60-70 hirumilako nagusi eginda geneuzkan. Eskalatzen hasi ginen unea polita izan zen, gauza interesgarriagoak egiten hasteko unea. 

Asko aldatu da eskaladaren mundua urte hauetan?

I.P.: Esango nuke baietz. Jende gehiago ibiltzen da mendian, baita eskaladan ere. Entrenatzeko dauden baliabideekin, rokodromoekin-eta, sekulako aldaketa gertatu da.

E.P.: Aldaketa horiek oso ondo eta ez hain ondo, bietara bizi ditugu. Egun ikusten dugun arazo nagusia da, Ikerrek esan bezala, jende gehiago garela, asko lehiaketan oinarritzen diren kiroletatik datozela eta ezagutu genuen mendi erromantiko hori gutxiagora doala. Eta lehiaketarekin kontrakoa gertatzen ari dela: kontuan hartu eskalada kirol olinpikoa izan dela lehen aldiz Tokion. Horrek ekarriko digu rokodromoak beteta egongo direla aurrerantzean eta arrokan ere nabarituko dugula. Ingurumenarekin lotutakoak zaindu egin beharko ditugu.

Jarraitu zenuten eskalada Tokioko Olinpiar Jokoetan?

I.P.: Ahal izan genuen moduan jarraitu genuen, Perun geundelako. Alberto Ginesen garaipenak asko poztu gintuen, txikitatik ezagutzen dugu eta. Akaso, ez gaude guztiz ados Olinpiar Jokoen kontuarekin, baina Ginesek egindako lorpena sekulakoa da.

E.P.: Eskaladarentzat aitortza bat da kirol olinpikoa izatea; baina guretzat kirola baino askoz gehiago da. Gure bizitza osoa horri lotuta dago. Olinpiar Jokoak kirola dira: epaile bat behar duzu, arau batzuk jarraitu behar dituzu... Eta guretzat, mendia askatasuna da: espedizioa, abenturak, lagunekin mendiaz gozatu. Egun, gero eta gehiago ikusten dugu jendeak eskalada atletismoa edo txirrindularitza balitz bezala egiten duela: rokodromora joan, zure entrenamendua egin eta etxera itzuli.

Zuen webgunearen arabera, 42.662 eskalada egin dituzue hasi zinetenetik. Beti erronka berrien bila?

I.P.: Azken finean, zure ibilbidea ondo egin nahi baduzu, bide normaletatik kanpo ibili behar duzu, eta, horretarako, gauza berriak bilatu behar dira, munduan gora eta behera zeharkatu horretarako. Eta horretan gabiltza, ez dugu askoz gehiagorik gure bizitzetan. 

Zein paretetatik ikusten diren paisaiak dira zuentzat ahaztezinenak?

I.P.: Leku askotan egon gara; mundu osoan, esango nuke. Eta politenak, edo ezberdinenak, Antartikan ikusi genituen, 2007an eta 2008an han egon ginenean. 

E.P.: Niretzat ere bai; gure espedizio ikaragarrienak izan dira Antartidara egin genuena eta Zirkulu Polar Artikora egindako laurak. Bi toki horietan abentura puri-purian dago. Himalaian eta Andeetan ere bai; baina Himalaian, esaterako, sherpekin, soka tinkoekin, oxigenoarekin... Benetako mendia oso urardotuta geratu da. Artikora edo Antartikara zoazenean bakarrik zaude, autonomoa izan behar duzu eta arazoak zuk zeuk konpondu behar dituzu.

"Zortea izan dugu, baina hori horrela izateko apustu indartsua ere egin dugu"

Eskalatzaileak bai, baina mendigoizaleak ere bazarete, eskian ere aritzen zarete... Bulegoko edo lantegiko lanetan ikusi duzue inoiz zeuen burua?

I.P.: Inoiz ere ez. Gure bizitza guztia mendiarekin lotuta dago: mendiko gidariak gara, eski irakasleak ere bai... Oraintxe bertan, babesleekin ari gara lanean, baina beti mendiarekin zerikusia duten kontuekin. Zortea izan dugu, baina hori horrela izateko apustu indartsua ere egin dugu: ikusten ez den lana egin behar da horretarako, ez da dirudien bezain erraza. Pertsona oso langileak gara, eta, beharra egonez gero, bulegora edo lantegira lanera joango ginateke. Momentuz, menditik bizi gara, eta pozik gaude egindako apustuarekin.

E.P.: Bizitzak erakutsi diguna izan da edozein arlotan goian dagoenak sekulako lana egin duela aurretik. Inor ez dago goian kasualitatez, eta gure kasuan ere horrela izan da.

Ariketa fisiko handia eskatzen duen jarduna da zuena. Adinean gora egiteak gauzak birplanteatzea dakar?

E.P.: Momentu honetan ez gaude horretan. B planik dugun galdetzen digutenean, beti erantzuten dugu gure asmoa orain egiten dugunarekin jarraitzea dela. Ondo sentitzen gara, gustura gaude egiten ari garenarekin. Ikusiko dugu denborarekin beste zer egiten dugun, baina, oraingoz, bide beretik segitzen dugu.

I.P.: Laburbilduz: gure B plana da A planarekin jarraitzea.

Aire zabalean ibiltzera eta bidaiatzera ohituta egonda, nola eraman dituzue konfinamendua eta mugikortasun mugak?

E.P.: Uste dut kirola gustuko duen edonorentzat izan dela zaila konfinamendua. Ez dut gezurrik esango: guretzat oso gogorra izan da. Ohituta gaude egunero mendian zerbait egitera, eta etxean egon behar hori zaila egin zaigu. Guk, behintzat, entrenatzeko elementu batzuk bagenituen etxean, eta horrek denbora hobeto igarotzeko aukera eman digu.

Egoera horren guztiaren ondorioa da atera duzuen liburua?

E.P.: Liburuaren kontuarekin orain dela urte asko hasi ginen, baina ez genuen inoiz denborarik izaten bukatzeko, ekintzaz ekintza ibiltzen garelako. Gaur egun jendea gehiago dago marketin kontuetan ekintzetan baino; guk kontrako bidea egiten jarraitzen dugu: ekintza asko, eta marketina, heltzen denean. Konfinamendua dela-eta, etxean egon behar izate hori aprobetxatu genuen liburua bukatzeko. Alde horretatik, behintzat, esan behar dugu guri ondo etorri zitzaigula liburua argitaratu ahal izateko. 

Pou anaiak bi zarete, baina, beti elkarrekin egonda, badirudi entitate bakarra zaretela. Eguneroko bizitzan ere horrela da?

I.P.: Ondo bizi gara: gustatzen zaiguna egiten dugu, oso gustura egiten dugu gure lana, eta hori bizitzako arlo guztietan nabaritzen da. Ondo moldatzen gara elkarrekin. 

"Ezagutu genuen mendi erromantiko hori gutxiagora doa"

 

Muturreko egoeretan garrantzitsua izango da hori.

E.P.: Zalantza barik. Azken finean, anaiak gara: tentsioa dagoenean, tentsioa askoz handiagoa da, baina, era berean, bagara konpontzeko gai. Pentsa: orain, liburuaren aurkezpena dela-eta egiten ari garen emanaldiekin hiriz hiri eta herriz herri bidaiatu beharko dugu eta gogorra izango da. Asko bidaiatu, entrenamendu gutxi egin, gaizki elikatu, lo gutxi egin.... Horiek tentsioa ekartzen dute. Espedizioetan ere berdin: eguraldi txarra dagoenean, edo arazoak dauzkagunean, gauzak asko kakazten dira, baina beti lortzen dugu gauzak aurrera ateratzea.

Hiru hamarkada hauetan zenbat aldiz ikusi duzue arriskuan zeuen bizitza?

E.P.: Saiatzen gara arriskuan ez jartzen, baina une latzak egon dira, bai. Gogoratzen dut, esaterako, Antartikan bertan jaisten momentu gogorrak bizi izan genituela eta gaizki pasatu genuela. 

I.P.: Gertatzen dena da batzuetan ez zarela konturatu ere egiten momentu latzetan zabiltzala. Gu geu saiatzen gara egiten dugun hori buruarekin egiten; gure ezaugarrietako bat dela esango nuke. Baina ez dugu ahaztu behar mendia, zalantzarik gabe, arriskutsua dela. Mendian hasten zarenean gauzak oso ondo egin behar dira, profesionalengandik ikasi zure lehenengo pausoak bakarrik eman aurretik.

E.P.: Badago asko arriskatzen duen jendea, behar dena baino gehiago. Baina, orokorrean, jendea lasai eta ondo ibiltzen da.

I.P.: Hasten ari denari aholkatuko genioke, lehenengo eta behin, formatu egin behar duela. Gero, mendia ez ikusteko lehiaketa bat bezala; gozatu dezala mendiaz. Hori da gure kirola besteetatik ezberdintzen duen ezaugarri nagusia. 

Zeintzuk dira zuen hurrengo helburuak? Nora duzue hurrengo irteera?

E.P.: Momentuz, lasaiago ibiliko gara, ez dugu-eta beste erremediorik. Udazkenean berriz ere irteteko asmoa geneukan, baina hainbeste lanekin ezinezkoa da. Apur bat atseden hartuko dugu, eta Gabonen ostean irtengo gara. Pandemiaren ondorioz eten egin behar izan genuen Tenerifen egiten ari ginen 4 Elementuak izeneko proiektua: lurrari eskainitako atala geratzen zaigu egiteko, eta ea bukatzen dugun.

Elkarrizketa hau Puntua aldizkariak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko artikulua hemen duzu ikusgai.    

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago