Duela 4.000 urte, bizitoki izan zen. Erdi Aroan, gotorleku. Duela 500 urte, errepideetako atseden-gune. San Adriango tunela da. Aizkorri-Aratz natura parkean dagoen pasabide zaharra. "Gipuzkoan pasabide mitikorik bada, San Adriangoa da, zalantza barik. Erdi Aroan handik pasatzen zen Gaztela Europarekin lotzen zuen bide nagusia", dio Gipuzkoa Mendiz Mendi webguneak. Era berean, Araba eta Gipuzkoa lotzen zituen bide nagusia handik pasatzen zen, eta, antza, ordainsari garestia zuen. Erromesek, bidelapurrek, merkatariek eta mendizaleek urteetan erabili dute pasabide hori.
Tunela 70 bat metro luze da. Uraren higadurak haitzulo karstikoa sortu zuen han. Ostean, gizakiak haitzuloa zabaldu zuen, eta bere probetxurako egokitu.
Zaharrenak, Brontze Arokoak
Gune estrategikoa zela jakinekoa zen, baina han zer egon zitekeen jakin barik. Hori horrela, Aranzadi Zientzia Elkarteak ikerketa hasi zuen 2007an. Horren arabera, Brontze Arokoak dira San Adrianen topatu diren objekturik zaharrenak: duela 3.500 urte ingurukoak izan daitezkeen zeramika zatiak. Tunelaren atzealdean dagoen baselizaren inguruetan topatu zituzten horiek, 2009an. Ordura arte, Brontze Aroko okupazio mailarik handiena.
Era berean, egindako zundaketak hiru geruza utzi zituen agerian: Burdin Arokoa, erromatarren garaikoa eta Erdi Arokoa, X. mendean hasita.
Ekialdetik mendebaldera
San Adriango tunelak ekialdetik mendebalderako norabidea dauka. Ekialdean Zegamara doan bidea dago. Hain justu ere, alde horretan, gaztelua eraiki zuten XII. mendearen inguruan. XVI. mendera arte, gutxienez, gotorleku izan zen. Aizkorriko galtzada handik pasatzen zen, eta Nafarroa saihestu gura zutenek bide hura erabili behar zuten Gaztelatik Frantziara joateko. Komunikabide hori kontrolatzeko eta defendatzeko eraiki zuten gaztelua. Bereziki, erromesei eta bidaiariei eman zien babesa. Gazteluak bi dorre zituen: bata, tunelaren barruan; eta bestea, nagusia zena, ondoko leize batean.
Gaztelu hartatik aztarna gutxi topatu zituen Aranzadik, baina garbi ikusi zuten han herrixka bat egon zela. Tunelaren alde bietan. Zalditegiak, ostatua, hilerria, baseliza eta ur biltegia egon ziren.
Tunelean topatutako aztarna gehienak ostatuarenak dira. Ez zuen fama onik: garestia eta txarra omen zen. Baina, Araia eta Zegama arteko ostatu bakarra zenez, ezinbestean erabiltzen zuten.
XIX. mendearen erdialdean, ostatuari eraikin berria erantsi zioten: mikeleteen kuartela. Handik Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko muga zaintzen zuten. Sute batek biak suntsitu zituen, 1911n. Bestalde, egun dagoen baseliza 1893an egin zuten.
Hirutasun Santuaren egunean
Tunelaren izenik zaharrena Leizarrate da. 1615eko dokumentuen arabera. XX. mendean, San Adriango tunela esaten zitzaion. Izen hori badirudi Sandrati euskal izenari emandako interpretazio okerretik datorrela. Sandrati izenak latinezko Sancta Trinitate (Hirutasun Santua) esaeran du jatorria. Dokumentuek diote inguru hartan Hirutasun Santua gurtzen zela. Eta, egun, San Adriango baselizaren erromeria Hirutasun Santuaren egunean edo hurrengo igandean ospatzen da.