Apirilaren 4an hasi eta 14ra bitartean, 21. aldiz zeharkatuko du Korrikak Euskal Herria. Adin eta mota guztietako milaka eta milaka lagunek euskararen alde, gau eta egun, gelditu gabe, 2.500 kilometrotik gora egingo dituzte.
Nolakoa da Korrika moduko ekitaldi edo ekintza bat antolatzea?
Korrika bat antolatzea ez da erraza... Prozesua urtebete lehenago abiatzen dugu. Mezua, omendua, leloa... Eta ez da erraza izaten, Korrikak bere menuan plater asko dituelako: kanta, unitate didaktikoa, aplikazioa, Korrika laguntzailea... Eta hori guztia josi egin behar da, ondo trinkatu behar da, eta, bakoitzak bere erritmoak dituenez, dena ondo lotzen saiatu behar dugu, gero jendearengana ondo bidaltzeko eta heltzeko.
Antolaketa sare horretan, ezinbestekoak izango dira boluntarioak ere...
Boluntarioen kopuruaz hitz egitea zaila da. Korrika sasoietan, herri, auzo eta eskualde ezberdinetan 200 Korrika batzorde aktibatzen ditugu, gutxi gorabehera. Batez besteko bat eginez gero, 200 batzorde horietan hamar lagun badaude bakoitzean, 2.000 boluntario inguru izango lirateke. Gero, kontuan izan beharko genituzke AEKn bertan dauden eta Korrikarako lan egiten duten 500 kideak ere. Zaila da kopuru bat jartzea, baina esan behar dugu asko direla Korrikan lanean ari direnak. Oso argi dugu boluntarioen laguntzarik gabe zaila litzatekeela Korrika bat ateratzea. Guk, AEK-k bakarrik bere kideekin, ezingo genuke. Azkenean, Korrika elkarlan eta auzolan erraldoi bat da, Euskal Herri osoa aintzat hartzen duen eta 2.500 kilometro egingo dituen auzolan erraldoi bat.
Lehenengo Korrikatik ia 40 urte pasatu dira... Erraz esaten da, baina belaunaldiak joan eta etorri egin dira bitartean.
Belaunaldiak joan dira, bai. Guk aurreko Korrikan omendu genituen Korrikaren sortzaileak, uste genuelako hau asmatu zutenek AEKren eta Korrikaren errekonozimendua behar zutela. 40 urte pasatu dira, eta gauzak asko hobetu dira, baina oraindik ere 40 urtetan euskaltegien egoera normalizatu gabekoa da. Eta oraindik Korrikak helburu ekonomiko bat eta sustapen helburu bat ere badu. Guk bilatzen duguna da helburu ekonomikoa apur bat estaltzeari edo erabiltzeari begira, Maulen, Tafallan edo EAEn dagoen ikaslea baldintza bertsuetan egotea, eta zerbitzu bera jasotzea. Korrikak alde horretatik hauspoa ematen digu horrelako gauzatxoak eta inbertsioak egiteko, eta AEKren zerbitzuak Euskal Herri osoan berberak izateko.
Zer azpimarratuko zenuke aurtengo Korrika honetatik?
Nik uste dut Korrikak badituela edizioz edizio errepikatu diren gauza batzuk. Mezua, omendua, leloa... Gero, geratzen da beti azken egunerako mezu ezkutu hori, eta nork idatzi duen eta nork irakurriko duen. Nire ustez, Korrikaren magia hor dago. Aurten berrikuntzak? Berrikuntzak beti daude, neurri batean. Agian, ez dira horren adierazgarri edo ikusgarri, baina badaude. Nire ustez, Korrikaren magia oraindik horretan dago, gau eta egun ibiltzea 2.500 kilometro egiten, Euskal Herriko bazter guztiak ukitzea, mezua, omendua, leloa, azken eguneko mezua... Hori da, nagusiki, Korrikaren xarma.
Klika egitea eskatuko duzue aurten. Klika, zertan?
Zertan egingo den klika ez dakit. Zertan egitea nahiko genukeen badakigu. Guk nahiko genuke jendeak klika egitea. Euskara ez dakienak euskara ikastea, euskaraz dakienak euskaraz mintzatzea. Klika nahi dugu ere instituzioek, alderdi politikoek eta sindikatuek, denek konpromisoa hartzea euskararen berreskurapen edo eskurapenaren bidean batera arraun egin dezagun. Garai berri baten aurrean gaude, eta garai berri honi etekina atera nahi diogu, herri gogoa ere badagoela uste dugulako. Euskaraldiak frogatu egin du hori duela hilabete batzuk. Beraz, konpromisoak hartzeko sasoia da eta nork bere ahalegin propioak egiteko eta euskara ez dakien hori euskarara hurbiltzeko. Horretarako baliabideak baditugu egun Euskal Herrian, euskara irakasteko eta gure mundura erakartzeko pertsona hori eta gure munduaren parte izateko.
Omendua Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi izango da. Zer dela eta aurten?
Guk esaten dugu Txillardegik hirutan egin zuela klika. Klika egin zuen erdalduna izatetik euskalduna izatera pasatu zelako, euskara ikasi egin zuen. Literatura modernoa ekarri zigun, gainera, eta hirugarren eta guretzat garrantzitsuena dena da helduen alfabetatze euskaldunetik gatozelako, Txillardegik 1968an Arantzazun egindako batzar hartako tesiak izan zirela nagusitu zirenak eta erabili izan ditugunak orain arte euskara batuaren bidean. Beraz, Txillardegi euskara batuaren aitetako bat kontsideratu behar dugu, eta gure omena uste dugu beharrezkoa duela, gure euskara estandarra, batua, gaur egun mintzatzeko erabiltzen dugulako, nagusiki.
Kantaren inguruan sorturiko polemika piztu da aurten. eraman duzue?
Egia esan, polemika horrek ez gaitu askorik arduratu. Onartzen dugu kanta bat batzuen gustuko edo disgustuko izan daitekeela. Bai uste dugu kantarekin asmatu dugula. Asmatu dugu, hain zuzen, bideoklipean ematen den itxura horretan badagoelako jendea euskaldun moduan jantzita dagoena, euskal dantzak irudikatzen dituztenak, eta badago beste jende bat rap mundua irudikatzen duena. Euskal dantzak egiten dituzten horiengana heltzen gara, gutxi gorabehera gure kulturan txertatuta daudelako. Baina badago beste jende asko euskararen eta gure herriaren periferian bizi dena, eta horiengana ere luzatu behar dugu Korrikaren mezua, eta luzatu behar dugu euskararen mezua. Polemika sortu egin da, baina uste dugu gure helburua ondo bete dugula, azkenean, periferian dagoen horrengana heldu nahi dugulako, eta periferian dagoen horrek eman behar diolako arnasa eta putza euskarari.
Zerbait aurreratu ahalko zeniguke amaierako ekitalditik?
Aurreratu, aurreratu… Gasteizen 12:30ean amaituko da Korrika, eta mezua irakurriko da. Gasteiz beti izaten da marko polita parranda ona egiteko, eta Korrikarekin euskaraz mintzatzeko. Klika egiteko aproposa.
Albiste hau Goienaren Puntua aldizkariak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra.