Beñat Sarasolaren 'Deklaratzekorik ez' nobelarekin itzuliko da Gasteizko Irakurle Kluba

Erabiltzailearen aurpegia GEU elkartea 2020ko ira. 14a, 14:15

Argazkia: @egaroa

Beñat Sarasolaren Deklaratzekorik ez liburua ardatz izango du Gasteizko Irakurle Klubeko lehenengo saioak, irailaren 24an, ostegunean, Ignacio Aldecoa Kultur Etxean.

Beñat Sarasolaren (Donostia, 1984) lehenengo nobela da Deklaratzekorik ez (Susa, 2019). Puskatu ezin duen iraganaren zamarekin bizi da protagonista. Ez baita erraza iragana ahaztu nahi baina utzi ezin duenaren bizimodua. Militante politiko inplikatua izana gaztetan, inplikazio horren kontrakarrean bizi nahi du orain, 90etako mundu gatazkatsu harekiko destaina azalduz.

Udal liburutegian lan egiten du, lagun arteko giroa gordetzen du azaletik bada ere, gaitzak erasandako aitaren zaintzaz arduratu behar du, harreman afektibo korapilatuak ditu —bere bikoteak Madrilen egingo duen masterrak distantzia fisikoa dakarkio bestela ere arrakalatua dagoen harremanari—, eta gutxienik espero duenean, atzera bere iraganera ainguratuko duen elementu apurtzailea izango da Poliziaren agerpena.

Ertz oso garratzeko protagonista dakarkigu Sarasolak Deklaratzekorik ez eleberrian, bere buruarekin eta inguruarekin bakean bizitzea lortzen ez duen pertsonaiaren bitartez egungo gizartearen erretratu bat eskainiz.

Izen-ematea

Jarleku kopurua mugatua izango denez, Irakurle Klubaren saiora hurbiltzeko asmoa duten lagunek lehenbailehen idatzi beharko dute irakurlekluba@geuelkartea.eus helbide elektronikora.

Iban Zaldua da saioaren koordinatzailea, eta informazio gehiago topatuko duzue Gasteizko Irakurle Klubaren Twitter kontuan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago