GEU elkarteak talde dinamizatzaile berritua aurkeztu du. Orain arte Gasteizko euskara elkartearen gidaritzan ibilitako Xabi Rico, Gidor Bilbao, Beñat Garaio eta Itziar Azpeitia kideek kargua utzi, eta lekukoa pasa diete batzarkide berriei. Rober Gutierrezek, Iñaki Lazkanok eta Irati Iciarrek, aldiz, jarraituko dute elkartearen zuzendaritzan laguntzen. Izan ere, Irati Iciar da GEU elkarteko lehendakari berria. Aurpegi berriei dagokienez, egitasmora batu dira Asier Etxenike, Lurdes Lekuona, Yolanda Viadero, Biki Vicario eta Manolo Martinez.
GEU elkarteak ongi etorria eman die zuzendaritzako kide berriei eta eskerrak eman die talde dinamizatzailearen kide ohiei, "egindako lanagatik eta egitasmoari eskainitako denbora eta ilusioagatik". Aipamen berezia egin dio Xabi Ricori, 1992.urtean elkartea sortu zenetik, "elkartearen bidelagun eta sostengu izateagatik".