GEU elkarteak eta Oihaneder Euskararen Etxeak, ikasturte berri honetan ere, Begi Belarri ikus-entzunezkoen zikloa aurkezten dute. Iraila eta martxoa bitartean, hilabetero film-dokumental bat eskainiko da. Salbuespenak-salbuespen, emanaldiak hilaren azken asteazkenetan izango dira arratsaldeko 19.00etan, Oihaneder Euskararen Etxean. Iaz bezala emanaldi guztiek bi atal izango dituzte: alde batetik, film-dokumentala proiektatuko da eta bestetik, filmaren zuzendariarekin, istorioaren protagonistarekin edota jorratzen den gaiarekin loturiko hizlariekin solasaldia egingo da.
Emanaldiak
Irailaren 26ean Gernika-LumokoSAREren Aterabidetik dokumentala eskainiko da. Preso politikoen sakabanaketak Gernikan eragin duen egoeraren berri emateko 25 gernikar baino gehiagoren artean sortutako ikus-entzunezko lana da Aterabidetik. Emanaldiaren egunean bertan, Aitor Amutio, Jon Rementeria eta Ibon Meñikarekin solasaldia izango da.
Urriaren 25ean Biziminez dokumentalaren txanda izango da. Bidezidor eta errepide zabaletatik, bizi-minez egiten den bidaia kontatzen dute Josu Iztueta, Antxon Arza eta Pablo Dendaluzek Biziminez lanean. Bizitzari buruzko gogoeta sakona, bi adiskideren erretratu zintzoa, bizimina transmititzen duen road movie hunkigarria, bestearen lekuan jartzeak duen garrantziaz hitz egiten duena.
Azaroaren 29an Gure sorlekuaren bila dokumentala eskainiko da. Josu Martinez zinemagilearen lana da hau. Hazparnen, 1956ean, Euskal Herriari buruz euskaraz egindako dokumental bat estreinatzen da herriko zineman. Hurrengo hilabeteetan Iparraldeko herrietan, Parisen, San Franciscon edo eta Dakarren proiektatu arren, haren arrastoa misteriotsuki desagertu eta denek ahaztu egingo dute laster. Hirurogei urte beranduago, Josu Martinez zinemagilea haren bila hasiko da.
Urtarrilaren 31n Irrintziaren oihartzunak izeneko lanaren txanda izango da. Mirentxu Loyartek (Iruñea, 1938) sorkuntza-lanetan emandako erbestealdia kontatzen du Irrintziaren Oihartzunak filmak. Loyarte Europako zinemagintzaren aitzindari ausart horietako bat da, haren izena ezagun egin ez bada ere. Zinemagile nafarraren memoria eta obra miatu asmo dituen begirada bat da Irrintziaren Oihartzuna; topaketa baten kontakizuna, hezur eta mamizko altxor zinematografiko baten bilaketa: gogoratzeko zailtasunak dituen pertsonaia batena, edo gogoratu nahi ez duena.
Otsailaren 28an Ama, nora goaz? dokumentala izango da ikusgai. 1937an, agintari frankistek Gipuzkoako 14 herritik kanporatu, eta euren haurrak besoetan harturik, nora joan ez zekitela alde egin behar izan zuten emakumeen bizipenak azaltzen dizkigu dokumental honek. Filmak paralelotasun bat egiten du egungo siriar errefuxiatuen krisia eta Guda Zibilean gudarien emazteek bizi izandako dramaren artean. Karmelo Vivanco eta Idurre Cajaravillek ekoitzitako dokumental honetako Iban Gonzalez zuzendariak eta Jon Gonzalo gidoigileak exodo hartako emakumeetako batzuen lankidetza izan dute. Garai hartan haurrak baino ez ziren egungo emakume hauek, muturreko babesgabetasun egoeran euren amek zeukaten ziurtasuna gogoratzen dute.
Martxoan LABURBIRA film laburren jaialdia izango da Begi Belarrin, Euskaldunon Topagunearen eskutik urtero antolatzen den film berrien zirkuitua. Euskaraz ekoitzitako film labur lehiaketa da Laburbira, era eta gai askotariko film hauek lehen aldiz bistaratzen dira publikoaren aurrean. Proposamen eta sortzaile berrien iturri da Laburbira.
Amaitzeko, apirilaren 25ean, Parepezko ahotsak Estibaliz Urresolak zuzendutako dokumentalaren txanda izango da. Eresoinkari buruzko dokumentala da Paperezko ahotsak. Espainiako Gerra Zibilaren ondorioz erbesteratutako Eusko Jaurlaritzak sortu zuen Eresoinka, eta Europa osoan egin zituen emanaldiak euskal artea eta kultura hedatzeko helburuarekin. Kantua eta dantza izan ziren Eresoinkaren funtsa eta han aritu ziren, besteak beste, Luis Mariano, Pepita Enbil edota Jesus Elosegi. Dokumentala.