GEU txosnak ateak zabaldu ditu

Erabiltzailearen aurpegia GEU elkartea 2017ko uzt. 27a, 17:00

GEUtxosna, Aihotz plazan.

Abuztuaren 9ra arte egongo da zabalik GEU elkarteak Aihotz plazan kudeatzen duen txosna.

Asteazkenean, abuztuaren 2an, ireki ditu ateak GEU elkarteak Aihotz plazan kudeatzen duen txosnak. Aurten ere hamaika ekintza antolatu du Gasteizko euskara elkarteak; besteak beste, zozketa, GEUre Saria, dantza plaza eta kontzertuak.

GEUre Saria

Txosnaren inaugurazio ekitaldian GEUre Saria banatu da. Aurten 25 urte beteko dira GEU Gasteiz aldizkariak argia ikusi zuenetik, eta horregatik, GEUren hastapenak eta oraina omentzeko asmoz, GEU elkartearen proiektu komunikatiboak goraipatu nahi ditugu. Omenaldia irudikatzeko, Aihotz plazan, elkarrizketa bat burutu dugu. Bertan, GEU aldizkariaren sortzaileen hiru ordezkarik eta ALEA aldizkariaren beste hiru lagunek, modu labur eta sinboliko batean, galderak eta iritziak elkar trukatu dituzte.

Dantza plaza, kontzertua eta DJak

Omenaldiaren ostean Aihotz plaza sagardotegi erraldoia bilakatu da. Sagardotegi pintxoak, dantza plaza eta kontzertua izan da Ordago Folk taldearekin.

Abuztuaren 3an, iluntzean, Iruñeko The Icer Company taldearen eta DJ Loro gasteiztarraren emanaldiaz gozatzeko aukera izango dugu.

Jai giroan murgilduta, abuztuaren 7an, kaleko bertso eta musika proposamen ibiltaria izango dugu Kargak&Deskargak-en eskutik. Unai Iturriaga eta Igor Elortza bertsolariek eta Rafa Rueda eta Josu Zabala musikariek osatzen dute taldea.

Zozketa· Has Gasteizen euskaraz gozatzen

Honekin batera, GEU txosnara hurbiltzen den orok izango du zozketa batean parte hartzeko aukera. Laboral Kutxak babestutako zozketan, tablet bat irabaz dezake GEU txosnan txanda edo 10€tik gorako gastua egiten duenak. 

Ogitarteko berriak

Aurten, berritasun gisa, edatekoaz gain, jateko eskaintza berritua dakar GEU txosnak. Ohiko patata tortilla eta txorizo pintxoez gain, gazta pintxoak eskainiko dira txosnan. Era berean, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, bokata berezi eta gozoak dastatzeko aukera izango da. Aurten, honakoa izango da ogitartekoen eskaintza: pisto eta ogi ekologiko opila (Pistopila), txorizoa sagardotan (Sagartxori), patata tortilla (Arrautzopila), urdaiazpiko ondua tomate naturalarekin (Tomatogi)  eta oilasko paparra piper gorriekin (Papargorri).

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago