Sinopsia:
Aloña Mendi Espeleologia Taldeak (AMET) urteak daramatzate Oñatiko Aloña mendizerran sarrera duen Urzulo haitzuloa esploratzen. Badira zenbait urte ikerketa lanak ez atzera ez aurrera gelditu zirela urez betetako galeria baten aurrean. Harik eta duela gutxi, taldeko bi kidek arnasa sakon hartu eta bertan sartzeko erabakia hartu zuten arte. Erabaki horrek erronka berriak ireki dizkie oraingoz mugarik ez duen leize honen ikerkuntzan.
AMETek ekoiztutako filmak 2015eko Bilbao Mendi Film Festivalen “Euskarazko film onenaren” saria eskuratu zuen. Euskal Herriko paraje ilun horietan barrena sartuko gaituzte bidaia zirraragarri batean barrena, gidoi indartsu bat baliatuz eta ilunpetan filmatzearen zailtasunak ezin hobeki gaindituz.
Maiatzaren 18ko emanaldiaren osteko solasaldian ohorezko gonbitu bat izango dugu.
Xanti Ugarte: filmaren zuzendaria eta AMETeko kidea izango dugu gure artean ondorengo solasaldian. Sorkuntza eta Diseinu Gradua ikasten dihardu gaur egun Euskal Herriko Unibertsitatean. Gaztea izanagatik eskarmentu handiko zuzendaria da Xanti, bere bi zaletasunak, mendia eta bideogintza, uztartuz hainbat lan egin ditu dagoeneko (espeleologia, eskalada…), tarteka film laburrak grabatzeko beta hartzen duen bitartean. Berak emango digu horrelako filmaketetan adituak direnen trikimailuen berri bai eta filmaketan zein AMETen urteetako lanetan izandako bizipen eta bitxikerien berri.