Asko hitz egiten da aspaldian Araban euskarak bizi duen bilakaerari buruz; eta hori bere testuinguruan hobeto ulertzeko, gure hizkuntzak dituen indargune eta gabeziekin, Iñaki Martinez de Luna soziolinguista eta soziologoarekin hitz egin dugu.
Martinez de Lunaren esanetan, Arabak badu ezaugarri bereizgarri bat oinarrian; hain zuzen ere, arabar asko eta asko euskaldundu direla hezkuntza sistemaren bitartez eta ez familiaren bidez. "Hizkuntza batenganako atxikimendu sendoena ematen da familia bidez, honen funtzio garrantzitsuenetako bat sentimenduak adieraztea delako. Bestalde, hezkuntza sistemaren bitartez jasota, ohikoagoa da alderdi formalagoetan soilik erabiltzea".
Soziologoaren ustez, "premiazkoa" da egunerokoan euskara normaltasun osoz hitz egiteko guneak sortzea. Baikor ere bada, bere esanetan, "azken aldian hauspotu eta indartu delako ezkutuan zegoen euskalduntasuna", besteak beste Euskaraldia bezalako ekimenei esker.
Azken urteetan euskararekin lotutako epaiei dagokienez, kexu da Gasteizko soziolinguista, euskara hizkuntza ofiziala izanda ere ez duelako merezi duen bermea jasotzen: "Gaztelaniaren alde egiteko dena da legala, justifikatua eta onartua. Baina euskararen alde hartzen diren erabakiak ezbaian jartzen dira askotan. Hau ez da inola ere justua".
Elkarrizketa hau EUSKARABAk argitaratu du eta bi proiektuen elkarlanari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai.