Euskaraldiaren bigarren edizioaren prestaketa lanak abian dira, 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean ariketa gauzatzeko. Aurtengo edizioan, norbanakoen izen emateaz gain, entitateek ere taldean egingo dute ariketa. Saltokiak, lantegiak, elkarteak, federazioak... era guztietako entitateek eman dute izena, eta dagoeneko zer neurri hartu eta zer aldaketa egin pentsatzen hasiak dira.
Entitate horietako bat da Arabako Euskal Pilota Elkartea (AEPE), eta bertako teknikari Aitor Xabier Ruiz de Luzuriagarekin (Araia, 1979) egon gara solasean.
"Euskarak eta pilotak lotura estua izan dute betidanik"
Zergatik erabaki duzue Euskaraldian parte hartzea?
Pilota federazioak lau urte daramatza jada modu sistematizatu batean euskararen erabilera sustatzen, Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren laguntza baliatuz, eta guretzat ekimen hau beste aukera bat da ildo horretatik jarraitzeko. Aldi berean, euskarak eta pilotak lotura estua izan dute betidanik, eta guk, federazio bezala, eredu hori gizarteari eta pilota munduko eragileei helarazi nahi diegu. Euskaraldiak aukera paregabea ematen digu horretarako. Bukatzeko, uste dugu erakunde publiko baten ardura dela horrelako ekimenetan parte hartzea, gure hizkuntza, kultura eta ohiturak sendotuz.
Zuen elkarte barneko hizkuntza ohituretan eragin dezake Euskaraldiaren ariketak?
Noski baietz! Euskal pilotan argi dugu "entrenatzea" eta "aritzea" hobetzeko modu bakarra direla, indartzeko eta aldatzeko kirol aldagaiak; beraz, gu, teknikari eta kirol kudeatzaileak garen heinean, gure hizkuntza ohiturak entrenatzen eta bideratzen jarraitu behar dugu etengabe, ondo egiten duguna mantenduz, hobetu ahal duguna landuz eta aldatu behar duguna aztertuz. Gure eguneroko funtzionamenduan euskarak presentzia zabala duen arren, prest gaude gure hizkuntza ohiturei Euskaraldiak eman diezaiekeen bultzada aprobetxatzeko.
Ehunka haur eta familiarekin lan egiten duzue zuek eta erreferenteak zarete neurri handi batean. Zer garrantzia du elkartea euskararen aldeko jarrera erreferentziala izateak?
"Gure hizkuntza ohiturak entrenatzen jarraitu behar dugu etengabe"
Lehen aipatu dugun moduan, erakunde publiko garen heinean erantzukizun batzuk hartzen ditugu gure gain, eta haietako bat da euskararen inguruan erreferentzia bat izatea. Baina eredu izatea ezin da gelditu aldeko jarrera batean bakarrik; haratago joan nahi dugu pilota munduko eragileei (pilotariak, entrenatzaileak, familiak, epaileak, zuzendariak, erakundeak, bezeroak, hornitzaileak eta publikoa) euskaraz aritzeko aukerak eskaintzen, behin eta berriro gogorarazten pilotalekuen ateak euskarari irekita daudela, eta pilotalekuak euskaraz egiteko gune bat direla. Horretarako gure arduradunen lehen hitza euskaraz da, euskaraz egiteko aukeraz informatzen duen paisaia linguistikoa zaintzen dugu, eta pilota munduko eragileen artean euskararen erabilera errazteko eta sustatzeko esku-orri bat sortu dugu.
"Noizean behin armairua berrantolatu behar da, eta hizkuntza ohiturekin ere gauza bera gertatzen da"
Azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean hizkuntza ohiturak aldatzeko zein neurri hartuko dituzuela aurreikusten duzue?
Barne ariguneak (teknikarien arteko lana, zuzendaritza batzordeko bilerak eta epaileen elkargoarekiko harremana) indartzen eta berreraikitzen saiatu gara, gure barneko hizkuntza ohiturei astindua emanez; noizean behin armairua berrantolatu behar da, eta hizkuntza ohiturekin ere gauza bera gertatzen da.
Kanpo ariguneei dagokienez, ahozko zein idatzizko komunikazioan, sare sozialetan eta web orrialdean arreta handia jarri nahi dugu, euskararen presentzia aztertzeko eta areagotzeko; bistaz galdu gabe prentsaurrekoak, hauteskunde prozesuak, sari banaketak eta jendearen aurrez aurreko arreta.
AFDArekin elkarlanean, Marka eta Erronka izeneko egitasmoan murgilduta zaudete azken urteetan, Arabako kirol federazioetan aktiboa den jendea identifikatzen aritu zarete. Euskaraldia tresna baliagarria al da oraindik aktibatuta ez dagoen jendea aktibatzeko?
Oso zaila da euskararen erabilpenetik urrun dauden pertsonak aktibatzea, baina Euskaraldia euskaraz dakien edo ulertzen duen pertsona eta erakunde oro aktibatzeko tresna ezin hobea bilaka daiteke. Gure erronka ondoan ditugun "euskaragileak" identifikatzea da, eta gure marka guzti horiek aktibatzea; eta horretan Euskaraldiak lagunduko digu.
Irailaren 24an ireki da norbanakoek izena emateko epea. Entitateek aurrerapausoak emateko ezinbestekoa da norbanakoak ere aktibo egotea. Zer mezu helaraziko zenieke zuen elkartearen inguruko norbanakoei izena eman dezaten?
"Euskararen erabileraren bidean guztiok ezinbestekoak gara"
Nahiko genuke pilotari, epaile, entrenatzaile, familia eta pilotazale guztiei helaraztea euskararen erabileraren bidean guztiok ezinbestekoak garela. Metafora bat erabiliz, euskara autobus batean doan bidaiari bat da, eta gu autobus horren gurpil, motore, erregai, bolante, motelgailu eta besaulki bihurtzen gara. Beraz, ezinbestekoa da norbanakoen izen ematea, bai euskarak eta baita pilotak ere aurrera egin dezaten. Ahaztu gabe euskara gure kirolaren ezaugarri bat dela eta euskarak pilotalekuen ateak irekita behar dituela.