“Arabako Kuadrilla guztietako herritarrek eman dute izena jada”

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraba Ataria 2018ko urr. 3a, 13:27

Euskaraldian izena emateko aukera zabalik dago, eta arabarrak apurka-apurka ari dira, azaroaren 23tik abenduaren 3ra, AHOBIZI edo BELARRIPREST izango diren erabakitzen.

Euskaraldirako izen-ematea nola doan, Arabako euskaraldiaren batzordeen egoera zein den… galdetu diogu Leire Sanjurjori, Arabako Euskaraldiaren koordinatzaileari.

Irailaren 20an ireki zen Euskaraldian izena emateko aukera. Hasierako daturik baduzue? Zer moduz ari dira erantzuten arabarrak?

Duela bi aste baino gutxiago ireki zen izen-ematea eta jada Arabako Kuadrilla guztietako herritarrek eman dute izena! Gainera, bultzada berri honekin,  herri berriak ere agertu dira batzordea sortu eta Euskaraldian parte hartzeko prest! Kopuruei ez diegu garrantziarik emango ekimen honetan, baina argi dago arabarrak primeran ari direla erantzuten!!

Arabako Kuadrilla guztietan daude Euskaraldiaren batzordeak martxan. Egiten ari diren lanari dagokionean, zein balorazio egin duzue orain arte?

Balorazioa positiboa da oso; zalantzarik gabe. Araba osoko euskaltzaleak bildu eta Euskaraldia abiatzeko ezinbestekoa den herri mugimendua aktibatu dute, herriz herri, batzordez batzorde. Nolabaiteko talde motore hauek sortu dituzte hauen bitartez araba osoko euskalaldun guztioi 11 egunez euskaraz bizitzeko gonbidapena zabaltzeko, eta badirudi lortuko dutela: Kuadrilla guztietan daude batzordeak eratuta eta bermatuko da Arabako Udalerri guztietan izena eman ahal izango dela. Euren buruak Eskaraldiaren inguruko kontuetan janzten eman dituzte azken hilabeteak batzorde anitzetako kideek, eta informazioa zabaldu, izen-emateak jaso eta prestakuntza eskaintzeko fasean daude orain lanean: mahaiak jarriz, bideoak sortuz, herritarrentzako prestakuntza saioak eskainiz… Kuadrilla bakoitzak era ezberdinean egiten dio aurre Euskaraldiaren prestakuntzari, araban aurkitzen diren errealitateak anitzak baitira.

Orain arte primerako lana egin badute ere, aurretik lan handia daukate oraindik batzordeek: AHOBIZI eta BELARRIPRESTen tipologien zehaztasunak herritarrei ulertaraztea (ez dela gaitasunaren araberako erabakia, bakoitzak egingo duen ariketaren araberakoa baizik), euskaldun guztiek izena emateko aukera izango dutela bermatzea (horrek, aukera fisikoa eskaintzeaz gain, herritarrek beharrezko informazioa eta motibazioa jasoko dutela bermatzeko beharra dakar), prestakuntza eskaintzea (herritarrak prest egon daitezen 11 egunak heltzen direnean), txapak banatzea eta beste hainbat kontu daude aurretik… Baina zenbat eta hurbilago Euskaraldia, geroz eta handiagoa batzordeetan ikusten den motibazioa eta energia! Prest daude, eta Araba osoa prest eta gogoz egongo dela bermatzeko dabiltza lanean!!

Gasteiz da Arabako hirigune nagusia, eta bertan egon daiteke Euskaraldiaren erronka handienetako bat. Nola bideratuko da hiriburuko izen-ematea?

Gasteizen lan handia daukate, baina ondo antolatu dute. Auzoetan batzordeak sortu dira eta ordezkariak koordinazio batzordean biltzen dira, horren makina handia mugitzeko. Gizarte Etxeetan izena emateko aukera zabaldu dute, internet bidez emateko aukeraz gain, noski. Horrela herritar guztiek izena emateko puntu bat hurbil izango dutela bermatu dute, ordutegi zabala duena gainera. Ideia aparta Gasteiztar hauena!

Galdera pertsonal bat (axola ez badizu). Zu zer izango zara, ahobizi ala belarriprest?

Asko hausnartu ostean, ahobizi izatea erabaki dut. Izena eman dut jada, eta prestakuntza saio batean egon naizen arren, beste batera joatea dut aurreikusita, ariketa eta aldaketa handia baita egingo dudana. Dena den, Euskal Herri osoan ariketa elkarrekin egingo dugula jakiteak indarrak eman dizkit. Baietz nire inguruko pila batek txapa eraman!!

Erlazionatuak

Aurrera doa Arabako Euskaraldia

Erredakzioa 2018 ira 14 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago