Aurrera doa Arabako Euskaraldia

Erredakzioa 2018ko ira. 14a, 09:53

Euskaraldiaren aurkezpen ekitaldia, Gasteizen. /Alea

Arabako herrietako batzordeek bat egin zuten atzo Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean, Euskaraldiari bultzada berri bat emateko asmoz.

Arabako batzordeetako hainbat ordezkarik topaketa egin zuten atzo arratsaldean "Araban martxan gaudela eta Euskaraldia gogoz hartu dugula" adierazteko asmoz. Araba mailako kudeatzaileek dagoeneko Kuadrilla guztietan batzordeak sortu direla gogorazi nahi izan dute, eta horri esker, Euskaraldian parte hartu nahi duen arabar orok bere herrian bertan izena eman ahal izateko aukera bermatuta izango duela azpimarratu dute.

Irailaren 20an irekiko da izena emateko epea eta parte hartu nahi duen edonork internet bidez zein bere herri edo esparruko batzordearen bitartez eman ahal izango du izena. Informazio sakonagoa hurrengo egunetan zabalduko dute tokian tokiko batzordeek.

Euskaraldiak hizkuntza ohiturak aldatzea izango du helburu, eta egitasmoaren proposamena honakoa izango da: 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, euskaraz hitz egin edo ulertzeko gai diren herritarrek euskaraz egin dezatela.

 

Ahobizi edo belarriprest

Euskaraldian parte hartu nahi duen edonork bi aukera izango ditu eskura: AHOBIZI edo BELARRIPREST izango ote den erabakitzea.

  • Ahobizi bezala izena ematen dutenek, hamaika egun horietan zehar, ulertzeko gai diren guztiekin euskaraz egingo dute, eta jende ezezagunarekin lehen hitza beti euskaraz egingo dute.
  • Belarriprest bezala izena ematen dutenek ordea, euskaraz dakiten guztiei beraiekin euskaraz egiteko gonbitea luzatuko diete. Euskara ulertzeko gaitasuna dutela adieraziko dute, eta erantzuna euskaraz zein gazteleraz eman, gainontzekoei euskaraz egiteko eskatuko diete.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago