Arabako Foru Aldundiak eta Arabako Euskara Zerbitzuek, elkarlanean, MEREZI DU! kanpaina jarri dute martxan, lurralde osoan zehar, kuadrillaz kuadrilla, hala nahi duenak euskara ikasteko dituen aukeren berri emateko, eta euskara ikasle berriak euskaltegietara erakartzeko. Izan ere, asko eta asko dira, bai Gasteizen, bai herriz herri, euskara eskolak jasotzeko aukerak.
Horrez gain, esan dezakegu azken urteotan erraztu egin direla euskara ikasteko arabarren baldintza ekonomikoak: Arabako Foru Aldundiaren eta Arabako euskaltegien arteko lankidetza da horren lekuko, eta baita Gasteizko Udalak eta Arabako Udalek orain dela urte askotatik martxan jarritako diru-laguntza sistemak ere.
Euskara bere udalerrian bertan, edo bere udalerritik gertu ikasi nahi duenak, jo dezala gertuen duen euskara zerbitzura. Han jasoko du behar duen informazio guztia.
Gasteizko gizarte etxeetako euskara ikastaroetan izena emateko azken egunak
Urtero bezala, Gasteizko Udalak eskaintza zabala osatu du Gizarte Etxeetako euskara ikastaroetarako. Izaera ezberdineko taldeei zuzendutako ikastaroak izango dira, xede-taldeen arabera sailkatuta: gurasoak, 55 urtetik gorakoak, merkataritza eta ostalaritzako langileak…
Irailaren 13an amaituko da ikastaroetan izena emateko epea. Informazio gehiago nahi duenak, Gasteizko Udalaren euskara zerbitzura jo dezake.
Aiaraldean euskara ikasteko gonbidapena, bideo bidez
MEREZI DU! Kanpainaren barruan, Aiaraldeko Kuadrillak bideo eder bat egin du, euskara eskoletarako gonbidapena egiteko. Hona hemen:
https://www.youtube.com/watch?v=tZ0YVpIagSg