Putre funtsak entzutean, itsasoz bestaldetiko korporazio handiak datozkigu burura: Blackstone, Cerberus eta abar, zonalde turistifikatu eta oso poblatuetan atzaparra sartuz. Hain daude garatuak, haien arteko harremanak hain dira konplexuak, eta haien negozioak eskala hain handian... Halere, egunero bizi dugun miseriari etekina ateratzen diote; bide batez, estatuak eta bere instituzioek eskuak garbi manten ditzaten.
"Blackstone putre funts ospetsuak Gasteizko Alde Zaharreko etxebizitza bat etxegabetuko du"
Begi bistakoa da, orain, orokortzen ari den krisia etxebizitza arloan ere nabari dela: jendeak erosi ezin dituen eta, beraz, saldu ezin diren etxe hutsak; jendeak ordaindu ezin eta okupaturik diren edozein moduko etxeak –hauei irabazia ateratzeko zailak ere–, horiek guztiak miseria kapitalistaren ondorio dira benetan, geratzen diren errautsak. Eta kapitalismoak putre funtsen bidez surtara botatzen ditu berriro, erretzen jarrai dezaten.
Gatozen Euskal Herrira. Gasteizen bertan, pandemia bete-betean, Catella inbertsio funts suediarrak 500 babes ofizialeko etxebizitza erosi zizkion Eusko Jaurlaritzari. Egunotan, Blackstone putre funts ospetsuak Gasteizko Alde Zaharreko etxebizitza bat etxegabetuko du, eta, dakigunaren arabera, zonalde horretan birgaitzeko eraikinak ari da erosten. Udala, Ensanche XXI edota Eusko Jaurlaritzaren lan zikina egiten ari dira putre funtsak, familiak etxegabetzearen kostu ekonomiko eta moralak aurreztu ditzaten, eta arriskutsuak diren jabetzak libra ditzaten. Kostu horiek asumitzearen truke, irabazi handiak lortuko ditu putre funtsak etorkizunean etxebizitzak saltzerakoan.
"Udala, Ensanche XXI edota Eusko Jaurlaritzaren lan zikina egiten ari dira putre funtsak"
Putreak badira ere, beleen antzera haien hegaldia antzematen ahal dela pentsatzen dugu. Gauzak horrela, utopikoa da pentsatzea Estatuak geldi ditzakeela. Are gehiago, Estatuak korporazio hauen mesedetan jokatzen du: tituluak saltzen dizkie, haien garapenean laguntzen duten legeak ateratzen ditu, okupazioa erreprimitzen du, eta abar luze bat. Hots, Estatua funts hauek eraginiko miseriaren konplize da.
Estatuak eta bere erakundeek hain etsai handietara saltzen bagaituzte, honen aurrean defendatzeko era bakarra etsaien eskala berean antolatzea da. Era kolektiboan ezagutzak, antolaketa eta boterea metatzea. Eta ez da nahiko auzo edo hiri mailan. Autodefentsa sozialista behar dugu: autodefentsa, errentatzaile guztien (handi zein txikien) erasoen aurrekoa; eta sozialista, gizarte berri baten eraikuntza aktibo eta antolatu baten alde. Funtsean, bizi baldintzen unibertsaltasun eta doakotasunean oinarriturik. Miseriaren kudeaketa bortitzetik haratago, errautsak bildu eta bota baino beste aukera bat eraikitzeko bidea.
Sinatzailea: Unai Aristizabal, Gasteizko Etxebizitza Sindikatuko kidea
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.