Gasteizko Kontseilu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatuak salatu dute Alde Zaharreko etxebizitza bat Blackstone putre funtsak berehala desalojatzeko arriskuan dagoela.
"Jabetza funtsaren eskuetan geratu zen hipoteka-egikaritze baten ostean", azaldu dute. "Urteak eman zituen hutsik eta baldintza kaskarretan. Orduan, okupatua eta birgaitua izan zen beste alternatibarik ez zuten hainbat pertsonaren eskutik. Duela urtebete, jabeak negoziazioak hasi zituen Etxebizitza Sindikatuan antolatuta zeuden okupatzaileekin. Eroskeria saiakera baten eta hainbat mehatxuren ostean, orain, bide judizialaren azken fasean gaude".
Horren emaitza, sindikatuaren ustez, "berehalako etxegabetze agindua izango da segurtasun osoz".
🔷𝗔𝗗𝗜! 𝗦𝗶𝗻𝗱𝗶𝗸𝗮𝘁𝘂𝗮𝗿𝗲𝗻 𝗲𝘁𝘅𝗲 𝗯𝗮𝘁 𝗕𝗟𝗔𝗖𝗞𝗦𝗧𝗢𝗡𝗘 𝗽𝘂𝘁𝗿𝗲 𝗳𝘂𝗻𝘁𝘀𝗮𝗸 𝗱𝗲𝘀𝗮𝗹𝗼𝗷𝗮𝘁𝘂𝗮 𝗶𝘇𝗮𝘁𝗲𝗸𝗼 𝗮𝗿𝗿𝗶𝘀𝗸𝘂𝗮𝗻
— Gasteizko Etxebizitza Sindikatua (@EtxeSindikatua) November 14, 2022
🔵Putre funtsen aurrean, autodefentsa sozialista antolatu!
⬇️[Irakurketa📄] pic.twitter.com/gcrOAmbh7I
"Doakotasuna, kalitatea, unibertsaltasuna"
"Langile klasearen bizi baldintzak etengabe erasotuak diren krisi orokortua bizi dugu. Etxebizitzaren esparrua ez da salbuespena; etxebizitza merkatua jabe handi zein txikientzat ondasunen metaketarako iturria da, eta krisi garaietan funtzio hori betetzen jarraitu behar du. Putre funtsak testuinguru horretan ugaritzen dira", ohartarazi dute.
"Kapital handiko korporazio hauek arrisku handikoak kontsideratzen diren tituluak prezio baxuetan erosten dituzte (hipotekak, ondasun higiezinak eta abar) gerora berriz saldu eta irabaziak lortzeko. Putre funtsek jabetza ugari metatzen dituzte, higiezinen merkatua eta etxebizitza arloko politikak baldintzatzeko gaitasuna lortuz", azaldu dute. "Estatua ez da gai jabetza metatze prozesu hori kontrolatzeko, gobernu eta alderdien erabakimenaren gainetik daudelako".
"Konponbidea ez dago jabe handi eta txikien arteko dikotomia faltsuan ere. Errentatzaile txikiek funts handien aurrean jabetzak galtzen dituztela egia bada ere, jabe txikiez osaturiko higiezinen merkatu batek ez luke etxebizitzaren arazoa ebatziko. Berebizikoa da etxebizitza sistemaren berrantolatze totala; hots, etxebizitza sistema sozialista berri bat, oinarrizko ondasun honen doakotasunak, kalitateak eta unibertsaltasunak ezaugarriturik", aldarrikatu dute.
"Autodefentsa sozialista"
Azkenik, "proletalgoaren bizi baldintzen" eta "sistema sozialistaren" alde lan egiten jarraitzera deitu du Etxebizitza Sindikatuak, baita "jabe handi zein txikien erasoei" aurre egitera ere, "putre funtsen aurrean autodefentsa sozialista antolatuz". Horretarako, Alde Zaharreko etxebizitza honekin gertatzen denaren araberako deialdietara adi egotea eskatu diete herritarrei.