Iritzia

Auzo hilak

Erabiltzailearen aurpegia Zuriñe Rodriguez 2026ko maiatzaren 10a

Argazkia: PIXABAY

"Paseatzeko kidea bilatzen du batek, gaztelania ikasteko laguna beste batek..."

Auzoan whatsapp talde bat dugu, eta ni emozionatuta nago! Nire auzoa krisian dagoen horietakoa da: merkataritza gutxi, kale bizitza urria, biztanleria zahartua eta premiazko hobekuntzak behar dituzten azpiegiturak. Pozik nengoen arrandegiko whatsapp taldea genuelako, baina auzoko taldea… hori beste maila bat da.

Taldeak hainbat fase bizi izan ditu.

Lehenengoa: nostalgia. Emakume zaharrenak hizketan hasi dira. 1960 eta 1970eko hamarkadetan Andaluziako migratzailez bete zen auzoa, eta garai hartako bizimoduaz ari dira solasean. "Urrezko auzoak" deitzen zietela kontatu digute, eta egunero iristen da zuri-beltzeko argazkiren bat taldera. Fase samurra izan da hura.

Bigarren fasea: ustezko eklosio faxista. Une kritikoa. Bat-batean, mezu bat: "Zuei ere lapurtu dizuete? Lapurreta dezente egiten ari dira auzoan". Diskurtso arrazista eta antiokupa elikatzeko beldurrak alarma guztiak piztu dizkit. Arin begiratu dut nire eskaileretako auzokide faxista taldean ote dagoen. Ez dago. Eskerrak! Inork ez die mezuei erantzuten, eta krisia berehala itzali da. Poza!

Hirugarren fasea: eklosio kapitalista. Taberna eta denda bakoitza bere eskaintzak bidaltzen hasi da. Canvaz diseinatutako kartel itsusiak: pintxo-poteak, manikurak eta promozioak. Halako batean, administratzaileak hitza hartu du eta taldea ez dela horretarako abisatu du, "komunitatea sortzeko baizik". Formal-formal denek barkamena eskatu dute. Eta ni hunkitu egin naiz "komunitatea" hitza irakurtzean. Horixe baita gure auzoak behar duena!

Laugarren fasea: galderena. "Inork ezagutzen al du alokatzeko pisurik? Non lor dezaket hau edo bestea?". Egun batzuk eman ditugu elkarri erantzuten.

Eta orain, nire gustukoena: sareak eraikitzeko fasea. Laguntza eskatzeaz gain, gauzak eskaintzen hasi dira. Paseatzea gustuko duen batek kidea bilatzen du. Beste batek txakurra paseatzeko eskaini du bere burua. Pertsona batek auzoan gaztelania praktikatzeko jendea bilatzen duela idatzi du. Beste batek harrera-gida bat eta hizkuntzak ikasteko udal baliabideak bidali dizkio. Eta orain, gainera, bizilagunen talde txiki bat sortzen ari gara berriketan geratzeko.

Auzoko kontuekin jarrai dezaket, baina gauza bat esango dizuet: auzoek beren erritmoak dituzte, eta auzotarren artean eraikitzen dira. Badakit gure hirian badirela bizirik dauden auzoak, Judimendi kasu, eta beste batzuk, askorentzat hilda daudenak, El Pilar  adibidez. Baina, maiteok, borroka ditzagun hildako auzoak. Eraiki dezagun komunitatea.

Zuriñe Rodriguez.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago