Osborne zezena eta nire alua

Erabiltzailearen aurpegia Zuriñe Rodriguez 2025eko abenduaren 13a

Argazkia: ALEA

"Orain gauzak ez dira nik abortatu nuenean bezalakoak. Edo hori diote"

Asteartean argitaratu da Gasteizko Askabide klinikan, abortatzera zihoazen emakumeen aurrean, paratu ziren 21 fundamentalista katolikoak absolbitzen zituen epaia. Negar egin dut irakurtzean eta, jarraian, mezu bat bidali diet kasua daraman abokatuari eta klinikako arduradunari. Besarkatu egin nahi ditut. Berria nire lagun guztiekin obsesiboki partekatu dut.

Amorratuta nago. Epaiak dio klinika bateko atean otoitz egitea, bizitzaren aldeko kartelak eramatea, emakumeei penaz begiratzea eta abortua ez gauzatzeko laguntza eskaintzea ez dela indarkeriazko ekintza bat. Uste dut indarkeria dela edukiontzi bat erretzea, Osborneko zezen bat apurtzea edo faxista bati faxista deitzea.

Abortatu nuenean, adingabekoa nintzen, eta indarrean zegoen aurreko legea. Abortatu ahal izateko erotuta zeundela frogatu behar zenuen, eta nire medikuak harrituta begiratu zidan esan nionean ez zegoela aitarik haurrik ez zegoelako. Semenaren arduradunaz galdetu zidanean, esan nion ez zela bere kontua. Hitz horiekin uste dut ondo frogatu nuela erotuta nengoela, eta lortu nuen nire uteroan zegoen enbrioia xurgatzea. Hori bai, aldez aurretik, ordainsari txiki bat ordaindu nuen klinikako atarian. Laser depilazio iragarki promozional bat dirudi, baina ez da. Nik eskubide bat erosi nuen.

Ez naiz inoiz damutu, ezta errudun sentitu ere. Baina epaitua eta infantilizatua bai

Ez naiz inoiz damutu, ezta errudun sentitu ere. Baina epaitua eta infantilizatua bai. Niri inork ez zidan oihurik egin klinikaren atarian, baina biolentatu ninduten. Imajinatu orain nola sentitu behar duzun klinika baten aurrean oihu egiten dizutenean. Nik otoitzik ez nuen egin. Lagunekin, azukrearekin, konpresekin eta film on batekin ospatu nuen trantze burokratiko hura.

Epaiak dio, halaber, "gauza hauek" hobe dela diskrezioz egitea. Ni diskretua izatera behartu ninduten. Ez zegoen inor klinikako atean, pisu batera joan nintzen, eta zerbait klandestinoa egiten ari nintzela iruditu zitzaidan. Hamazazpi urterekin abortatu nuela ez da agertzen nire mediku espedientean, eta eskolara eraman nuen ziurtagirian anginak nituela jartzen zuen, ez nire alua odolusten ari zela.

Orain gauzak ez dira nik abortatu nuenean bezalakoak. Edo hori diote. Baina, inolako arazorik gabe, klinika bateko atean otoitz egiten dute eta hiltzaile deitzen dizute. Egia esanda, ez zait oso desberdina iruditzen. Albiste txarra da, errakzionarioa, eta ondorio praktikoak izango ditu. Berriro ikusiko ditugu kliniken atean, berriro aurre egingo diegu, eta harrotasunez abortatzen jarraituko dugu.

Zuriñe Rodriguez.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago