Gasteiz, urriak 10. Lagun batekin izandako elkarrizketa da honakoa:
Z: Kaixo! Zelan zure gimnasiako klaseak! Nora zoaz?
G: Super ongi! Etxe ondora, Salburua auzoko gizarte etxera. Zureak? Aurten igeri egitera zoaz, ezta?
Z: Primeran. Ni ere Salburuara noa. Jada igeri egiteko teknika harrapatu dut. Marrazo bat naiz. Jajjajaj. Hau zortea gurea!
G: Beno. Ni haserre samar nago. Izena eman nuenean euskarazko txandarako egin nuen, eta gaztelaniaz ematen ditugu klaseak, ia inork ez dakielako. Beraz, ni naiz irakasleari euskaraz hitz egiten diodan bakarra.
Z: Bai zera! Niri gauza bera gertatzen zait. Eta ikaskide batek gaizki begiratzen dit irakasleari galderak euskaraz egiten dizkiodanean. "Ez zaizu ulertzen, neska", esan zidan andre batek aurreko egunean. Klasea bukatzean irakaslearekin hitz egin nuen eta esan zidan berak ematen dituen beste eskola batzuetan, aquagim-ekoan, ez zegoela euskaraz zekien pertsona bakar bat ere, eta gaztelaniaz ematera behartuta sentitzen zela.
G: Bai. Gainera, jendeari ez dio lotsarik ematen. Lehengoan, batzuk aldagelan lasai-lasai esaten ari ziren hobeto zetorkiela euskarazko klasearen ordutegia eta horregatik eman zutela bertan izena. Hori bai, klaseak gaztelania perfektuan nahi zituztela.
Z: Kexa bat jarriko dugu, ezta?
G: Noski!
Laburbilduz, Gasteizko gizarte etxeetako jardueretan parte hartzen duten ikasleen eta irakasleen hizkuntza eskubideak urratzen ari dira. Beste behin ere. Beraz, goazen zintzoak izatera: guk ez dugu gimnasia eta igeriketa egiten, gimnasia eta natación baizik.
Zuriñe Rodriguez.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.