Koaderno berri bat erosi dut. Bertan behera utzi dut nire Spotifyko harpidetza (Fuck Israel), eta kafe amerikar bikoitz bat dut jada nire lan mahaian. 45 mezu elektroniko baino gehiago ditut irakurri gabe. 45! Pazientzia handiz hasi naiz guztiak irakurtzen. Kafeari zurrutada bat. Mezua ezabatu. Kafeari beste zurrut bat. Mezua erantzun. Kafeari azken zurrupada bat. Mezua birbidali.
Ez dira goizeko hamarrak, eta dagoeneko telefonoak hiru aldiz jo du. Hurrengo egunetarako "ikasturtea antolatzeko" lau bilera adostu ditugu. Gehienetan lagun jatorrek parte hartuko dute, baina Lehendakaritzara aurkez daitezkeela uste duen gizon mediokreren bat ere egongo da. Irailarekin batera, gizonen ego profesionalak berriz kudeatzea tokatzen zaigu.
"Irailarekin batera, gizonen ego profesionalak berriz kudeatzea tokatzen zaigu"
E.-k intseminatzeko hitzordua du berriz ginekologoarekin. Zintzo izanda, jada ez dakit zenbat aldiz intseminatu den, baina abuztuan oporrak direnez xiringatxoak eten egiten dira. I.-k uda osoa larrua jotzen eman du, eta, oso arduratsua izan ez denez, sexu transmisioko gaixotasunen analisiak egiteko hitzordua du. R. dibortziatzen ari da. "Bizitza berria hasiko dut", dio. Bere senar ohia matxirulo bat da, beraz, lagunok, ospatzeko arrazoiak ditugu.
Atzo neguko etxeko zapatilak jantzi nituen. Negukoak! Eta jada hasi naiz maitasunez begiratzen nire artilezko jertseei. Berehala kaleko botak jantziko ditut, eta ia egunero irteten naiz etxetik aterkiarekin. Badakit udazkena polita dela, baina nik gorroto dut.
Gizarte etxeetako bi jardueratan eman dut izena. Aurten igeriketa eta euskal dantzak. Sevillanak, saltsa, bachata eta swing-a dantzatzen ditut, baina ez dakizkit euskal dantzak. Lotsa ematen dit! Ingelesean eman dut izena Hizkuntza Eskolan, eta baita yogan ere.
Urtero bezala, leher eginda ailegatuko naiz ekainera, eta hurrengo urtean, berriz ere, gauza gutxiago egingo ditudala esango diot nire buruari. Baina urtero bezala mila saltsatan ibiliko naiz. Gora iraila! (edo ez).
Zuriñe Rodriguez.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.