Atera zaitezte armairutik behingoz! Ez izan politikoki zuzenak! Aste osoa daramat progre talde negarti bat jasaten. Batetik, astean zehar beltzez janzten diren gizon burusoilak eta jaialdietan crock eskalapoiak daramatzatenak dira; eta, bestetik, haurrak erosteko prest dauden homosexual neoliberalak dira. Orain beren plazera lotsarik gabe bizi ezin dutelako negar egiten dute. Armairuan sartu behar dutela sentitzen dute. Hedonistak eta diziplina gutxikoak dira. Beren plazera Eurovision eta Viña Rock dira.
Eurovision musika aldetik zalantzagarria den jaialdi bat besterik ez da, eta Europako komunitate osoaren aurrean Israel zuritzeko balio duena. Viña Rock, ordea, Israelgo inbertsio funts batek, KKRk, finantzatzen duela argitu berri da. Listo! Argi dago, ezta? Ez dago aitzakiarik, biak boikoteatu behar dira eta kito! Herri palestinarrari zor diogu boikota.
Badirudi nire gizon burusoil progreek egingo dutela. Aurten ez dira Viñara joango, baina "zer pena, zer ondo pasatzen dugun" eta "orain zer egingo dugu?" diote. Min handiagoa sentitzen dute plana izorratu zaielako, Viña Rockek Israelekin harremana duelako baino.
"Hedonistak eta diziplina gutxikoak dira. Beren plazera Eurovision eta Viña Rock dira"
Homosexual neoliberalak taldeko baten etxean geratu dira jaialdia ikusteko, eta, nola ez, Eurovisionen xehetasun guztiak komentatzeko. Xehetasun guztiak, giza eskubideen aldeko RTVEren mezua eta finalaurreko bandera palestinarrarena izan ezik, noski! Beraiei musika baino ez zaie interesatzen. Arnasa hartu dute Israelek irabazi ez duenean, eta "eskerrak ez duela irabazi, ze irabazten badu marikoiek Eurovision ikustea debekatuko digute" eta barrez hasi dira. Bide batez, Armeniako pibonazoaren gorputza komentatzen duten bitartean, Israelek Gaza bonbardatu du berriro, baina horrek ez du axola, "diba ausartak eta boteretsuak" baitira.
Nazka ematen du batzuen ekidistantziak eta eduki politikorik gabeko plazerak. Utzi negar egiteari! Boikot egin eta kito! Gainerako guztia konplizitatea da.
Zuriñe Rodriguez.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.