Mertxe ezagutu nuen eguna ez dut inoiz ahaztuko. Gasteiz Hiribideko kafetegi batean geratu ginen. Ez genuen argazkirik trukatu, beraz, nola demontre ezagutuko nuen? Berak bazekien gaztea nintzela eta jertse gorri bat neramala. Oso pelikuleroa dena. Eserlekutik altxatu zen, eta bi musu eman zizkidan. "Ez dut nirekin denbora galtzea nahi, ez daukat asko kontatzeko", esan zidan segituan. Urteak daramatzat emakumeak elkarrizketatzen, eta hori entzun nuenean argi nuen hobe nuela kaÒa bat eskatzea zurito bat beharrean. Mertxek istorio bat zuen kontatzeko, seguru!
1975ean Mertxe Zaramaga auzoan bizi zen. Ez zuen militatzen, eta grebetan ere ez zuen parte hartu. Oso lanpetuta zebilen seme-alabak zaintzen. Hori bai, Gerra Zibilak eragina izan zuen bere familian, gorria eta errepublikarra baitzen; beraz, ez zitzaion frankismoa batere gustatzen. Mertxek Zaramagako elizatik ihes egin zuten hamar langile baino gehiago artatu zituen etxean. Kafe beroa eman zien, telefonoa utzi zien senideei deitzeko, eta beraiekin hizketan egon zen lasaitzeko helburuarekin. Etxetik joan zirenean, hainbat bizilagunen begirada txarrak jasan behar izan zituen. Baina, hala ere, uste du ez zuela gauza handirik egin.
Gure memoriak ezin ditu emakumeen kontakizunak baztertu. Zor historikoa dugu haiekin
Pilar, berriz, Martxoak 3 elkarteak duen egoitzan ezagutu nuen. Hitz egiteko gogo handiarekin etorri zen gure zitara. "Niri ez dit inork nire bizitzaz galdetu", esan zidan agurtu bezain pronto. Gertakari historikoak ikertzen ditugunean oso ohikoa da emakumeei ez galdetzea, baina erabat bidegabea eta antidemokratikoa da. Forjas Alavesas enpresan lanean zegoen Pilar 1975eko martxoan. Asanblada, barrikada eta manifestazioetan ibiltzen zen egun osoa, erditu berri gainera. Ia elkarrizketa osoa negarrez eman zuen. Bere lankideengatik jasan behar izan zuen matxismoa kontatu zidanean, hautsi egin zen.
Edozein aukera aprobetxatzen dut haien istorioak kontatzeko eta martxoak hiru guztietan gogoratzen ditut. Gure memoriak ezin ditu emakumeen kontakizunak baztertu. Zor historikoa dugu haiekin. Astebururako plan bat proposatuko dizuet: 1975eko martxoaren 3an zer egiten ari ziren galdetu zuen amei, arrebei, lagun– neskei eta borroka kideei. Gizonak beren batailatxoak kontatzen hasten bazaizkizue, isilarazi eta entzuten jarri.
Zuriñe Rodriguez.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.