Iritzia

Zaballa

Erabiltzailearen aurpegia Zuriñe Rodriguez 2025ko urt. 25a, 10:00

Argazkia: ALEA

"Ez du beharrezko arreta psikologikorik. Zenbat preso daude horrela?"

Ilunabarrean, atzeratuta daukadan prentsa irakurtzea gustatzen zait. Atzo Noemi Ortegari, preso baten bikotekideari, ALEAn egindako elkarrizketa irakurtzen jarri nintzen. Ez nuen bukatzeko astirik izan E.-k Zaballako kartzelako kabinatik telefonoz deitu zidanean. Astean bitan hitz egiten dugu eta gure errutina kontatzen diogu elkarri.

Azkenean operatuko dute. Ez da ezer larririk, baina urduri dago. Ospitaleak ia espetxeak bezainbeste gorrotatzen dituela esan dit txantxetan. Bi loro gara eta asko gozatzen dugu hizketan, beraz, etengabe mozten gara. Nire txanda da, eta lanean izan dudan istilu bat kontatzen ari naiz. Orduan hirugarren ahots bat entzun dut, gizon batena: "Está buena la tía con la que hablas?". Jakina, funtzionario bat da. E.-ren erantzuna: "Te voy a reventar la cabeza. A mi amiga ni la hables". Izugarri gustatzen zait zein mamarratxa den. Uste dut horregatik egin ginela lagun. Eskertzen diot erantzuna, baina badakit ondorioak izango dituela. Zer zigor jarriko diote honetan?

"Zaballa goialde batean dago, eta hotz egiten du. Hotz handia"

Funtzionario erasotzailearen erruz gure gaia desbideratu da, eta betiko gaiarekin hasi gara. "Gauzak inoiz baino txarrago daude", esaten dit. Janariak ez du elikatzen eta urria da. Psikologoari eta psikiatrari gauzak kontatzeari utzi dio E.-k. "Ez naiz fidatzen". Ezin du terapia pribatu bat ordaindu, beraz, ez du behar duen arreta psikologikorik jasotzen. Zenbat preso daude horrela?

"Jendea hil egiten da, eta inor ez da enteratzen". Azken urtean, Eusko Jaurlaritzak suizidioak publiko ez egitea erabaki du. Horrela, eragin mediatikoa eta salaketa publikoa minimizatzen dituzte eta heriotza modu pribatuan bizitzera behartzen dituzte senideak. "Ez naiz hilabete amaierara iristen". Espetxean dauden presoek lan egiten dute eta soldata bat jasotzen dute, hori bai, miserablea. "Hilean 300 euro kobratzera iritsi naiz kasu hoberenean", dio.

Zaballa goialde batean dago, eta hotza egiten du. Hotz handia. "Beroki bat bidaliko didazu?", eskatu dit. Deia bukatzeko ordua iritsi da eta niri tokatu zait azken galdera egitea: "Zer moduz daramazu desintoxikazioa?". "Hori hemen ia ezinezkoa da, gero eta droga gehiago dago. Funtzionarioek sartzen dute. Orain greban jarriko direla esaten duten horiek".

Fabore bat eskatu dit: "Zure lagunei esaiozu hauekin ez enpatizatzeko, ez dira fidagarriak, gaizki tratatzen gaituzte". Deia amaitu da. Bihar arte E.!

Zuriñe Rodriguez.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago