Bizilagunen bilera izan dut, eta sarrerako atezain elektronikoa aldatzea erabaki dugu. Orain gure atarian kamera duen aparatu bat dugu, telefono mugikorretik ireki dezakezuna eta bideoak egiteko aukera ematen diguna. Flipa! Ez dugu dirua aurreratu behar izan, beraz, ez da gasturik egon, eta hori izan da erresistentziarik ez jartzeko izan dudan arrazoi bakarra. Hala ere, bileran izugarrizko eztabaida izan genuen, eta atariaren erdiarekin haserretu naiz. Etsai berriak ditut! Lasai nago, ez ditut eskaileratan topatuko, erdia ez dira bertan bizi etxea alokatuta dutelako. Hori bai, atariko erabaki guztiak eurenak dira soilik. Ez pentsa bere etxea modu duin batean alokatuta dutenik. Legez kanpo, gehiegizko kuotarekin eta konpondu gabeko etxetresna elektrikoekin. Hori bai, jende zintzo eta formala direla pentsatzen dute.
Bi arrazoirengatik eman diote baiezkoa atezain moderno berriari. Horietako lehena aluzinatzekoa da. Lapurretak saihesteko teknologia ona dela diote, eta atarira "jende arriskutsua" sartzea ekidin dezakeena. "Jende arriskutsua" beraientzat okupak eta mairuak dira, eta ez espekulatzaileak eta bortxatzaileak. Bere arrazakeria eta faxismoa jasanezina da! Bigarren arrazoia, aluzinatzekoa baino, barre egitekoa da. Gainerako atariek dagoeneko instalatuta dutela diote, eta zer pentsatuko dute gutaz? Lotsa ematen die gure ataria azkeneko modan ez egoteak eta bizilagunek haiek kritikatzeko aukera izateak. Ze txarrak diren konplexuak!
"Okupei interesatzen bazaizue, hiru etxe daude hutsik gure atarian, ongi etorriak izango zarete"
Hori bai, bizilagun batzuek ezetz bozkatu dute. Bi izan dira. Bizilagun faxista gaztea, batetik, eta ultra errentista, bestetik. Faxista Gasteizen bizi da astelehenetik asteazkenera, lanagatik, baina Espainian dauka bere txaleta. Ez ditu bere arrazoiak azaldu, baina ez du atezain moderno bat nahi pobre eta migranteak garelako eta auzo langilea delako gurea. Guk ez dugu atezain elektroniko bat merezi. Bestea, errentista jubilatua da, eta komunitatean hainbat pisu ditu alokatuta. Uste du bizilagunek ez dutela ezertaz gozatzea merezi. Ezetz bozkatu du aporofobiagatik. Horiek bai direla gure "jende arriskutsua".
Beste behin nire bizilagunez hitz egin dizuet! Astuna naiz, baina hitz ematen dizuet ez dudala nire super-atezain elektroniko moderno berriarekin bideorik egingo, ezta kalean paseoan dabilen jendea kuxkuxeatuko ere. Zin egiten dizuet, baita ere, "jende arriskutsuari" atea irekiko diodala, errentista eta faxistei izan ezik. Ah! Eta inportantea: okupei interesatzen bazaizue, hiru etxe daude hutsik gure atarian, ongi etorriak izango zarete.
Zuriñe Rodriguez.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.