Bulegoko atea irekita utzi. Espazio informaletako elkarrizketa guztiak grabatu. Tipoarekin bilera izan eta "badaezpada" lankide bati abisatu. Pantaila kapturak egin eta obsesiboki artxibatu. Medikuari zure egoeraren berri eman, antsiolitikoak edo baja edozein momentutan prest izateko. Bidaiak berarekin bakarrik ez egiten saiatu. Lagun feministekin Telegram talde bat sortu, arrisku egoera bakoitzean zer egin pentsatzen lagundu diezazuten.
Erreferentziazko abokatu feminista baten telefonoa izan. Zure lankide guztien analisia eginda eduki: nork salduko zaituen, nork epaitu, nor izango den bidelagun eta zein den benetako indar korrelazioa. Prestaketa psikologiko integral bat izan: errudun ez sentitzeko, ez erretiratzeko, edo burua galdu baino lehen erretiratzeko kapaza izateko; baina, batez ere, sinetsiko ez zaituztela dakizunez, hori ahalik eta hobekien sostengatzeko.
Urteak daramatzat alderdi politikoetan dauden emakumeak elkarrizketatzen, urteak matxismoaz galdetzen. Dokumentatuta dauzkadan adibide batzuk besterik ez dira hauek. Modu obsesiboan sistematizatzen eta artxibatzen ditut, dokumentatzea garrantzitsua delako. Iñigo Errejonen kasua ere dokumentatuta neukan. Orain dela sei urte izan nuen lehen aldiz horren berri, eta horregatik ez nau harritu gertatutakoak, baina bai haserretu.
"Gizonek eskuratzen duten boterearen parte handi bat, hain zuzen ere, bidean erasotu, isilarazi eta txikitu egiten dituzten emakume kideengatik lortzen dute"
Politika misoginiaz beteta dago, eta gizonek eskuratzen duten boterearen alde handi bat, hain zuzen ere, bidean erasotu, isilarazi eta txikitu egiten dituzten emakume kideengatik lortzen dute. Gainera, beste gizon batzuekin aliatzen dira eta ia hautsi ezinezko isiltasun itun bat sortzen dute. Biolentziaren erantzuleak dira, beraz.
Horregatik, ezinbestekoa da emakumeok gure bizitza politikoan jasaten dugun indarkeria eta garatzen ditugun estrategia guztiak dokumentatuak izatea. Inpunitatea hausteko eta historia berridazteko dugun modu eraginkorrena da. Are gehiago, esango nuke egitea ia betebehar feminista bat dela guretzat.
Egia da askotan oso gogorra dela testigantzak irakurtzea, eta kontakizun sentsazionalista eta horian ez erortzeko nola idatzi ez dakigula beti. Ezin duzue imajinatu zenbat hausnartzen dugun honetaz kazetari feministok. Baina, batzuetan, aitzakia hori jartzen digute gizon askok testigantzen kontra egiteko. Zergatik? Nahiago dutelako isiltasuna eta gizonen arteko inpunitate paktua, emakumeen agentzia eta egia baino. Guk, ordea, segi dezagun gurera. Segi dezagun kontatzen, kazetaritza feminista egiten eta haien inpunitatea hausten. Bidea luzea da, baina gurea da.
Zuriñ Rodriguez.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.