Iritzia

Kalien matxismoa dantzan

Erabiltzailearen aurpegia Zuriñe Rodriguez 2024ko ira. 26a, 10:05

Arg: Gatibu

"Batzuei matxismoa berdin zaie 'aske maite eta aske bizi' direlako 'euritan dantzan'"

Alex Sarduik (Gatibu) musikan matxismorik ez dagoela dio. Hau da sekuentzia: 1) Kazetariak (oso azkarra eta feminista dena) bere hitzak nabarmentzen ditu, 2) Sareek su hartzen dute, 3) Sardui haserretu egiten da, eta komunikatu bat argitaratzen du bere hitzak manipulatu dituztela esanez (misoginia on!), 4) Komunikatua ordu gutxira ezabatzen dute eta bideo mamarratxo bat zabaltzen du barkamena eskatzen, 5) Dagoeneko ALEA errotatiban dago, baina to be continued.

Aldi berean, musikari emakume talde bat (oso argiak eta feministak direnak), haserretu egiten da (logikoa!) eta ordu gutxitara beste komunikatu bat ateratzen du: "Nahikoa da!" eta berriz ere sareek su hartzen dute. Zenbat inteligentzia feminista antolatuta!

Hori guztia gertatzen den bitartean, ezkerreko gizon batzuek zentsura feministarekin gaudela esango dute (negargura maskulinoa), baina Gatibuk bere azken bi kontzertuetarako sarrera guztiak saldu ditu. Batzuei matxismoa berdin zaie aske maite eta aske bizi direlako euritan dantzan.

"Erantzuteko prest gaude, Furiaz beteta gaudelako"

Niri hainbat whatsapp taldetara iritsi zait elkarrizketa, inor ez da harritu Sarduik esandakoekin, eta denek bidali dizkiete bihotzak komunikatuaren sinatzaileei, baina nire taldeetan feministak eta oso argiak diren emakumeak baino ez daude.

Ondorioa: guk urte asko daramagu feministak eta oso listak izaten (kazetaria, abeslariak eta nire lagunak), baina ez gara haiek bezain publikoak eta ospetsuak. Izan ere, sorpresa!, patriarkatuari mediokreak eta matxistak goraipatzea gustatzen zaio. Azaldu diezazueket zergatik gertatzen den hori, baina nahiago dut pedagogiarik ez egitea. Hori bai, Olatz Salvadorrek disko berria atera du, Albina Stardust eta Yogurina Borovarena da "aske bizi"-ren apologia onena, eta erantzuteko prest gaude, Furiaz beteta gaudelako.

Zuriñe Rodriguez.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago