Iritzia

Galdera bat

Erabiltzailearen aurpegia Zuriñe Rodriguez 2024ko mar. 23a, 09:00

Argazkia: AEK

"Euskara jada ez da zuria, ez da heterosexuala, ezta gizona ere, eta are gutxiago gipuzkoarra..."

Bakarrik migratu zuen haur bat nirekin bizi izan zen azken urteetan. Aljerian jaio zen. Orain dela urtebete bere buruaz beste egin zuen. Ordutik bere lagunekin Instagrametik hitz egiten dut maiz. Gazte hizkera, emotikono eta reels asko. Hori da gure hizkuntza.

Story-ak komentatzen dizkiet nik, eta "atsegin dut" ematen didate haiek nire argazkietara. Noizean behin emotikonoak alde batera utzi eta zer moduz gauden galdetzen diogu elkarri. Kostatzen zaigu, baina hitz egiten hasten garenean tartetxo goxo bat ematen dugu solasean. Iraganeko oroitzapenak izaten dira ia beti, doluak eragiten duen minari ihes egiteko topatu dugun teknika infaliblea da.

Astelehen honetan, 19:00etan, mezu bat nuen: "Zuri, una preguntita: ¿Por dónde pasa Korrika? No sabemos muy bien qué es pero queremos ir". Mezua 23:00etan irakurri nuen. Berandu ailegatu naiz! A ze disgustua!  Momentu horretan nire hildakoarekin bat egiten dut, eta tristetu egin naiz. Bizirik egongo balitz, berarekin korrika ibiliko nintzateke Gasteizko kaleetan. Herriaz harro eta gure harremanaz harro.

Ez nau Korrikak hunkitzen, bera da. Egia esan, bien uztarketa da nire negargura. Euskararen subjektua handitzen doala egiaztatzea da

Euskara ikasi nahi zuela esan zidan suizidatu baino hilabete bat lehenago. Bere ama hizkuntza, ordea, dariya zen. Bere hizkuntza dariya zen, baina Espainiara iritsi zenean gaztelaniaz hitz egin zioten. Ideiarik ez zuen. Euskal Herrira iritsi zenean frantsesezko itzultzaile bat jarri zioten. Kolonizazio linguistiko bedeinkatua!

Nire Instagrameko lagunari azkar idatzi diot. Zehatz-mehatz kontatu nahi diot zer den Korrika. Garaiz ez erantzuteagatik ere barkamena eskatu nahi diot, eta ostegunean Arabako herrietan barrena korrika egitera gonbidatu nahi dut. Goazen gure lehenengo plan ez birtuala egitera! Baina berak dena daki jada. Lau story igo ditu bere profilera. Han zegoen, Zabalganean. Korrika! Joan da! Hunkitu egin naiz.

Ez nau Korrikak hunkitzen, bera da. Egia esan, bien uztarketa da nire negargura. Euskararen subjektua handitzen doala egiaztatzea da. Kostatzen ari zaigu, baina bagoaz. Euskara jada ez da zuria, ez da heterosexuala, ezta gizona ere, eta are gutxiago gipuzkoarra. Gipuzkoarra ni de palo! Eskerrak. Euskara gu anitz eta heterogeneo bat da! 

Zuriñe Rodriguez.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago