Iritzia

Desioa piztu

Erabiltzailearen aurpegia Emaize Sexologia Zentroa 2026ko maiatzaren 24a

Argazkia: PIXABAY

"Desioa elika dezagun fantasiak asmatuz, literatura erotikoa irakurriz edota idatziz, azalak esnatuz..."

Desioa naturalki pizten den zerbait dela uste izaten dugu, ezer egin gabe aktibatzen den sena. Eta horrela izan daiteke batzuetan. Kanpotik jasotako estimulu batek eragiten digu, eta gure desio erotikoa piztu egiten da. Estimulu hori ikusitako norbait, gorputz atalen bat, usaina, ahotsa, ukitzea… izan daiteke edota estimulu multzo bat, hala nola, gustuko pertsona batekin musika, argia eta kolore nahasketa pizgarria duen leku batean egotea, adibidez.

Baina hau ez da beti erraz pizten. Badira uneak zein boladak zeinetan desioaren interruptorea hondatuta sentitzen dugun, eta honek zenbait emozio desatsegin esnatuko ditu. Batzuetan gure buruarekin amorratuko gara, gure zein besteon itxaropenak ez ditugulako betetzen. Besteekiko amorrua piztu daiteke ere bai, besteak ez duelako asmatzen nik behar dudana, askotan, agian nik ere ez dakidan arren.

Baliteke triste sentitzea, desio erotikoak ongizatearen hormonak aktibatzen dituelako, eta horiek desaktibatuak daudenean gure ondoeza handitu egin daiteke.

Horien gainetik, ala horiekin batera, errua izaten da emozio nagusia. "Ez naiz gai", "Zer gertatzen zaidan jakin beharko nuke", "Esfortzu gehiago egin beharko dut", "Hau aldatu behar dut", "Nire burua behartu behar dut lortzeko"…eta honek, maiz, motibazioa indartu ordez, zurrunbilo ilun batean sartzen gaitu, gero eta egoera ilunagoa bihurtuz.

Gozamena gozamenarekin pizten da, eta desioa gozamena sentitu dugun une guztien oroitzapenarekin, nahiz eta askotan ez garen honetaz kontziente. Bizi dugun guztiak gure gorputzean aztarna uzten du, eta hauek erraztu ala zaildu egingo dute desioa eta plazera sentitzeko bidea.

Baliteke desioa piztea, baina gure gorputza blokeatzea (segurtasun ezak, beldurrak, sentitutako minak…), eta hau ez da erraza bakardadean kudeatzea. Hor sexologiak ezinbesteko laguntza eskaintzen digu, eta baita zoru pelbikoko fisio espezializatuek ere; bien arteko lana oso lagungarria izan daiteke.

Aipatu arazorik izan ez arren, desioa itzalita dugu zenbait garaitan. Bizitza erritmoak, estresak, kalitatezko denborarik ez partekatzeak, hormona aldaketek eta desioa ez elikatzeak eragin zuzena izaten dute. Ohikoa da opor garaietan elkartze erotiko gehiago izatea eta honek harreman zuzena du bizimoduarekin.

Desioa bapatean eta guk ezer ez egin gabe piztu behar dela pentsatzeak min handia egiten dio gure alde erotikoari, beraz desioa elika dezagun fantasiak asmatuz, literatura erotikoa irakurriz edota idatziz, azalak esnatuz... Gure desioak laguntza behar du, eta gu gara interruptorea piztuko dugunak, bakarrik, besteekin edota adituen laguntzaz.

Emaize.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago