iritzia

On egin!

Erabiltzailearen aurpegia Emaize Sexologia Zentroa 2026ko martxoaren 31

Argazkia: PIXABAY

"Zergatik ulertu dugu gizonek proteina jan behar dutela gihar eta testosterona maila zaintzeko, indartsu eta energiko mantentzeko, eta ez dugu gauza bera pentsatu emakumeon kasuan?"

Elikadurak gure osasunean garrantzia handia duela jakin badakigu, baina gai honetan ere heziketa modu sexistan eman da, eta horrek alderdi ezberdinetan eragiten du. Emakumeon kasuan, argaltasunak edertasun irizpide gisa indar handia izan du, eta horren menpe jarria izan da elikadura; jan bai, baina argal mantentzeko moduan, emakumeon balioa edertasun eredu zorrotzean ezarriz.

Kirolean eta modan aritu diren zenbait emakumeri entzun dizkiegu argal mantentzeko egin dituzten "trukoak", eta benetan gogorra da. Baina presio eta ikasketa hau guztiok barneratu dugu, eta ohikoa da emakumeok entsalada batekin betetzea, kaloriak kalkulatzea…kantitatea kalitatearen aurrean lehenetsiz.

Emakumeoi irakatsi zaigu mendetan besteen begirada eta iritziari gureari baino garrantzia gehiago ematen, eta askoren borrokari esker bestelako bideak ireki badira ere, gure elikatzeko moduan eragina du oraindik ere.

Kasu argia proteinan dugu. Ziur zuetako askok proteinak giharren garapenarekin zerikusia duela badakizuela, eta askok testosteronarekin harremantzen duzue. Urtetan zehar testosterona gizonen hormona dela entzun dugu.Testosterona androgeno bat da, eta bestelako hormonak bezala, gorputz guztietan dago. Hauen kopuru handi bat barrabiletan sortuko da, baina ez da leku bakarra, giltzurrun gaineko guruinetan eta obulutegietan ere sortzen da. Zergatik ulertu dugu, beraz, gizonek proteina jan behar dutela beraien gihar eta testosterona maila zaintzeko, indartsu eta energiko mantentzeko, eta ez dugu gauza bera pentsatu emakumeon kasuan? Proteina muskulaturarekin harremandu delako, eta emakume gihartsuek ez dutelako bat egin historikoki egon den edertasun eredu estu horiekin, ederra eta indartsua kontrajarriak balira bezala.

Emakumeon elikaduran gabeziak izatera eraman gaitu honek askotan. Proteina falta dagoenean gure gorputzak ez du ondo funtzionatzen, eta fisikoki zein emozionalki nabariko dugu. Nekea, depresio egoerak, hezur arazoak... Ondorioen zerrenda luzea da. Gure esku dago gaur egun dagoen ezagutza aprobetxatu eta honi buelta ematea. Gure gorputzak anitzak dira, eta bada garaia helburua izatea ahalik eta osasuntsuenen eta gusturenen sentitzea.

Gaiaren inguruko ezagutza areagotuz doa, eta Marta Leonen Cuida tus hormonas comiendo rico podcasta gomendatu nahi dizuet, oso interesgarri, emakumeon osasunaren inguruan. Gogoan izan emakumeon osasuna (besteona bezala) ez dugula soilik emakumeok zaintzen (gurasoak, bikoteak, pisukideak, lagunak…).

On egin!

Maider Garcia de Bikuña, Emaize.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago