Iritzia

Noren ardura da?

Erabiltzailearen aurpegia Emaize Sexologia Zentroa 2025eko urriaren 22a

Argazkia: FREEPIK.

"Guztiak ez gara sexologoak, baina guztiok hezi egiten dugu eta berebiziko garrantzia du konpromiso argia izateak"

Urteak daramagu galdera honekin gora eta behera. Nori dagokio sexuen heziketa egitea? Familiaren ardura da batzuentzat, eskolarena edota erakunde publikoena beste askorentzat. Bitartean, giza eskubidea den hori (hurbileko zein erakunde internazionalek onartutakoa), ez dugu behar bezala bermatzen.

Eskola dokumentuetan jasota dago, gurasoek garrantzitsua dela badakite, erakundeek konpromiso politikoa hartzen dute, kirol eta kultur elkarteek hitzarmenak sinatzen dituzte sexuen arteko berdintasuna eta aniztasuna bermatzeko… Hau ikusita, sexualitatea modu egokian lantzen ari garela pentsa dezakegu, baina paperean dagoena egunerokora eraman behar da, eta askotan ez da gertatzen. Zergatik? Galdera aproposa ez dugulako egiten. Ardura nork hartu behar duen galdetzean, erraza da pentsatzea beste bati dagokiola profesionaltasunagatik, ordu gehiago pasatzen dituelako ume-gazte horrekin, toki egokiagoa duela… batek daki. Bitartean, sexuen heziketa, eskubidea den hori, ez da egiten. Beno, egin egiten da, baina ez kontzienteki, beraz eredu gara, sinesmenak, estereotipoak, edertasun eredu, normaltasun-ez normaltasun ideiak islatzen ditugu eta beraiek barneratu, guk dugun garrantziaz ohartu gabe. Influencerrak gara, ohartu gabe bada ere.

"Zer egin dezaket kalitatezko sexuen heziketa egiteko dagokidan eremuan?"

Zer egin dezaket kalitatezko sexuen heziketa egiteko dagokidan eremuan? Zeintzuk dira horri heltzeko ditudan erresistentziak? Nola aldatu dezaket hori? Zer behar dut honi modu egokian heltzeko? Nola eraman dezaket hau aurrera nire eremuari egokituz?

Adi! Zeharka egiteak ez du esan nahi ez egitea. Zeharka egitea primerakoa da, modu natural batean murgiltzea, baina jakin badakigu zeharkakotasun horretan sartzen diren alderdi asko landu gabe geratzen direla.

Adi berriro! Sexuen heziketa beharrak ez dira bermatzen martxoak 8, ekainak 28, … ospatuz. Horretan geratuz gero, balio gutxi izango du. Urteak 365 egun ditu, 8760 ordu… ekintza ala egun bakar batek ez du esanguratsua den zerbait sortuko. Emaizekoek lau saio egin ohi ditugu maila bakoitzean ikastetxe gehienetan. Data zehatz horiek eta sexologook gure lana oso ondo eginda ere, 358 egun gehiago daude, 8.592 ordu…bestelako erreferentziak, baloreak jasotzeko.

Irakurri, formakuntzetara joan, hausnarketa pertsonala garatu eta gure klase, entrenamendu, programazio kulturalean… pentsatu nola elikatu ditzakegun haur eta gazteak, eta ekin. Guztiak ez gara sexologoak, baina guztiok hezi egiten dugu eta berebiziko garrantzia du konpromiso argia izateak. Sexuen heziketa eskubidea da, berma dezagun guztion artean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago