Iritzia

Gorputza gara

Argazkia: FREEPIK.

"Gorputza ezagutu gabe, nola ulertu gorputzak garrantzia duela? Nola zaindu, nola maitatu?"

Mendebaldean gorputzari buruzko mezu asko jaso ditugu historikoki, gure barnean nolabait gordez, eta horrek gorputzak (gurea zein besteena) begiratzeko moduan eragin zuzena du.

Gorputzaren bidez bekatua egiten dela dio Elizak San Agustinen garaitik. Eta antzekoa diote beste zenbait erlijiok ere. Gorputzak egindako gauza txarrek geroko bizitzan arimarentzako zigorrak dira.

Baina aintzinako Grezian zenbait filosofo ere gorputzaz aritu ziren. Platonek "gorputza arimaren kartzela dela" esan zuen. Arimak, mundu honetan egon ahal izateko, gorputza behar du, askatasuna galduz. Gorputz zital hori hiltzean berreskuratuko du askatasuna.

"Gorputza zentzumenen mende dago, eta hauetaz ezin gara fidatu, engainagarriak izan baitaitezke", bota zuen Descartesek. Gorputza naturaren lege fisikoen menpe egonda, zentzumenek eragingo diote, eta ez da aske izango. Arimak, ordea, ez du eragin hori jasango, askatasuna mantenduz. Ezin gara zentzumenez fidatu, eta alde arrazionalaz fidatu gaitezke soilik. "Pentsatzen dudalako existitzen naiz". Gorputzari baliorik ez.

Kasualitatea ote da emakumezkoek esandakoak ez ezagutzea? Miletoko Aspasiak "emakumeon gorputza ezagutu eta ikertu beharrekoa" dela esan zuen duela 26 mende, eta oraindik ere medikuntza androzentriko baten ondorioak pairatzen ari gara. Hildegarda von Bingen mojak "emakumeok plazera sentitzen dugu, gizonek bezala", esan zuen XII. mendean, eta oraindik emakumeon genitalak eta gozamena lotsa eta zikin izatearekin lotzen dute askok.

Gorputza kartzela izan bada arimarentzat, emakumeon gorputzaren kartzela patriarkatua eta sostengatu dutenen jokaera da.

Gorputza ezagutu gabe, nola ulertu gorputzak garrantzia duela? Nola zaindu, nola maitatu?

Entzundako horiek egungo kontsumismo eta mezu berri-zaharrekin (manosfera) ari dira nahasten. Ez dugu gorputza berez balioan jartzen, baina aldi berean gorputzen itxura modetara egokitzeko dirutza gastatzen dugu, gorputzei buruzko komentario pila bat egiten ditugu ereduak ez betetzeagatik, eta like ematen diegu gorputzen irudiei, garrantzitsuena barrukoa dela esan bitartean.

"Gorputzek elkarri eragiten diete, begiratzean, ukitzean, espazio berean egotean. Arrazoi gehiago dago zure gorputzean zure jakiturian baino", esaten zuen Spinozak. Ez da posible positiboki garatu eta harremantzea gure gorputza eta besteena ezagutu eta aintzat hartu gabe.

Ez gaude bakarrik, eta gorputzik gabe ez gara. Hauen elkar-harremanean gara.

Emaize.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago