Iritzia

Menopausia erdigunean

Irudia: Freepik.

"Azterketa batek ohartarazi zuen menopausiaren sintomak zituzten emakumeen %85ek ez zuela tratamendu eraginkorrik jasotzen"

Diputatuen Kongresuak legez besteko proposamen bat onartu berri du, PSOEk bultzatuta, menopausiaren ondorioei buruzko ikerketa zientifikoa hobetzeko neurriak hartzeko eta horri buruzko informazio kanpainak sustatzeko. Ekimenak, zenbait taldek zuzenketak aurkeztu ostean, gehiengoaren babesa izan du, Voxena izan ezik. Eskuin muturreko alderdi horretako Rocio Agirre diputatuak proposamenarekin erabat ados ez dagoela adierazi du, erdi barrez, talde sozialistak eta alde bozkatu dutenek mahai gainean jartzeko beste gairik ez ote duten galdezka eta "espainiarrei batere axola ez zaien gaia" dela esanez.

Voxek uste du gai hori ez dela garrantzitsua herritarrentzat; kuriosoa, biztanleriaren erdi inguruk menopausia izango dugulako, eta berarekin batera azken hilekoaren aurretik eta ondoren emango diren aldaketa guztiak biziko ditugulako. Aldi berean, biztanleriaren beste erdia prozesu hau biziko dugunekin harremanetan egongo da, beraz, guztiontzat da onuragarria gai hau lantzea. Eskuin muturrekoen ideologian zoritxarrez emakumeok, eta are gutxiago emakume izan gabe hilekoa dutenek, leku gutxi dugula ez da sorpresa bat, beraz jar dezagun balioan, besteek gaiak atentzioa merezi duela ikus dezaten.

"Proposamenak emakumeen, eta prozesu hau biziko duten beste pertsonen, osasun fisiko eta psikologikoan mugarri bat ekarriko du"

2023ko irailean, Cell aldizkarian argitaratutako azterketa batek ohartarazi zuen menopausiaren sintomak zituzten emakumeen %85ek ez zuela tratamendu eraginkorrik jasotzen. 2024ko martxoan The Lancetek argitaratutako ikerketek menopausiaren gehiegizko medikalizazioaren arriskuez ohartarazten zuten, eta bizitzaren etapa horri arreta jartzeko paradigma aldatzea eskatzen zuen, emakumeei informazio gehiago emanez eta erabakiak partekatuz. "Menopausia ez da gaixotasun bat, eta, beraz, ez da nahitaez diagnostikatu edo tratatu behar. Proposatzen dugu bizitza aldaketa normal bat bezala ikustea, batzuetan medikuaren esku hartzea eskatzen duten sintoma problematikoak eragin ditzakeena ", laburbiltzen zuen Martha Hickey egileak artikuluan.

Horregatik, onartutako neurrien helburua menopausia eta klimaterio garaia hobetzeko bideratutako osasun prozeduren inguruko desinformazioari aurre egitea, sensibilizazioa, hedapena eta heziketa egitea da, ikuspegi integral baten bidez, diziplina anitzeko arreta sustatuz.

Proposamenak emakumeen, eta prozesu hau biziko duten beste pertsonen, osasun fisiko eta psikologikoan mugarri bat ekarriko du, estigmak eta tabuak eraitsiko ditu, eta biztanleriaren erdiaren bizitzan oso garrantzitsua den etapa biologiko bat normalizatzea espero dugu.

Emaize.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago