Iritzia

Gozamenari nazka

Argazkia: Unsplash

"Bakoitzaren erotika berezia eta errepikaezina da eta hori da, hain zuzen, sexualitatearen aberastasuna"

Sexualitatea, eta honen alde erotikoa bereziki, zikina eta txarra den ideia oso zabalduta dago. Batzuetan erlijioetatik, gozatzea bekatu den sinesmena, bestetan medikuntzatik iritsi zaigu, ala gure etxekoen aldetik, eta honek, nola ez, gure jokabidea baldintzatuko du.

Izugarria da guztiok gainean dugun zama gure gorputza eta desioak askatasunez gozatu ahal izateko, beti epaile bat begira balego bezala, gure ongizatea baino, besteen onespen begirada beharko bagenu bezala.

Agerikoa da emakumeon sexualitateari dagokionez. Existitzen zenik ere ez zen kontuan hartzen, desio gabekoak, fantasia gabekoak, orgasmorik gabekoak… bestearen desioen araberako jokabideak onartuak ziren guretzako, gure iniziatibarik gabekoak. Gure sexudun izatearen protagonismoa lapurtu egin digute mendetan zehar, baina jabetzen ari gara.

Umeen kasuan ere, hala jokatu izan da, gozamen sentsazioak eta horiek sentitzeko gogoa soilik helduon kontua balitz bezala, umeen sexualitateari muzin eginez.

Aurrerapen handia eman da sexualitatea berezko dimentsioa dela ulertzen, eta hor gure desioak eta gozatzeko gogo beharra egongo dira, gure adina eta sexua zein den ere. Hala ere, ez da arraroa norbaitek desioren bat aipatzean, genitalak ukitzea gustoko duela esatean… batzuk nazka aurpegia jartzea.

Masturbatzea ume batzuei nazkagarria iruditzen zaie. Batzuk jasotako ideia negatibo horiek eraginda. Baina gorputz, gustu eta izaera aniztasuna lantzean, gozamenerako bide anitzak daudela ikasten da. Horretaz gain badira lasaitasun osoz bakoitzak bere gorputza nahi bezala gozatu dezakeela esaten dutenak askatasun eta segurtasun espazioetan daudenean. Hauek sortzea ezinbestekoa da.

Badira helduontzat "normalak" diren desio eta joku erotikoak, guztioi makarroiak jatea gustatu beharko balitzaigu bezala. Eta gustoko ez baditugu? Zergatik ordea desio erotikoak etiketatu behar? Desioak ez dira onak ala txarrak. Desioak eta fantasiak gureak dira, plazerra bilatzeko bideak. Badira partekatzen ez ditugunak bestearen begirada edota komentarioen beldur, badira gozatu ezin ditugun desioak txarrak direla sinestuta. Askotan esan bezala, bakoitzaren erotika berezia eta errepikaezina da eta hori da, hain zuzen, sexualitatearen aberastasuna.

Felazioak eta cunnilingusak, hau da, zakila eta alua txupatzea, txarra dela uste duzue?

Ba duela hamarkada batzuk gaixoak izango zineten halakoak eginez gero. Parafilia izango zenuten normalak konsideratzen ez ziren praktikak gustoko izateagatik. Ez epaitu desioak, gozatu!

Maider Garcia de Bikuña/ Emaize.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago