Lan duintasuna aldarrikatzeko egunekin bat eginik, sexologoen lan baldintzez arituko gara gaur. Enpresa bakoitzean ditugun baldintzak ezberdinak dira, eta oraingoan ez dugu horietan sakonduko, errotik aldatu beharreko zenbait baldintzatan baizik, horiek kontuan hartu ezean ezinezkoa baita lana duintasunez egitea.
Gure profesionaltasuna ez da kontuan hartzen. Sexologia zientzia bat da, izaki sexudunak ikasten dituen zientzia, alegia, hortaz logikoa litzateke pertsonen ongizatearekin zerikusia duten zerbitzu askotan gure presentzia bermatzea: osasun zentruak, abusuak jasan dituzten pertsonentzako talde terapeutikoak, eskolak… profil sexologikoa duten langileak izan beharko lituzkete, pertsonen dimentsio sexuduna landu behar delako ongizatea hobetzeko, eta baita bestelako arazoen oinarri izan daitekeelako.
Zer irakatsi behar dugun esaten digute: eskoletan saioak egitean, batez ere, maiz landu beharrekoa esaten digute. Proposamen moduan edota ikasleen artean ikusitakoaz informatzea asko eskertzen dugu eta lagungarria zaigu, noski, baina ez da arraroa zuzenean landu behar duguna esatea. Guk ere taldea ezagutuz eta berauen beharrak aztertuz, egokien iruditzen zaiguna eskainiko diegu, beraientzako lagungarri suertatu daitekeena.
Argi dugu gure saioak, tailerrak, hitzaldiak… entretenituak badira, jendea gustora egongo dela. Horrek, ordea, ez du esan nahi gure xedea hori denik. Gure helburu nagusia irakastea, hausnarketa piztea eta erabilgarriak diren zenbait gako erraztea da. Horretaz gain, jendeak disfrutatzen badu, askoz hobe, ondo pasatzea eta modu atseginean ikastea esanguratsuagoa dela jakin baitakigu. Hau edozein ikasketarako da lagungarria.
Gure lana nola ulertzen den, hala baldintzatu egiten du, oso estereotipatua baitago. Sexualitatea egiten duguna dela ulertuz gero, sexologoen lana praktiketara mugatuta legoke. Sexudun izatearen bidean lagundu dezakegun profesionalak garela ulertuz gero, gure gorputz, desio, identitate, plazerak, binkulazioak, fantasiak, anatomia, ezberdintasunak, aniztasuna… barne hartzen duen zientzia bezala ulertuz sexologia, gure lanaren balioa hobeto ulertuko litzatekeela uste dugu, hortaz, baloratuagoa litzateke.
Azken urteetan hau ulertzen eta kontuan hartzen ari dela uste dugu, eta bide horretan pausuak ematea garrantzitsua da, gure lana eta nahia pertsonen ongizatea bermatzea delako, eta horretarako gure lana modu duin eta errespetuzkoan egitea behar dugu.
Lan baldintza duinak denontzat!
Maider Garcia de Bikuña/ Emaize.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.