Iritzia

Sexuen heziketa

Argazkia: Unsplash.

"Filtroa dispositiboetan jarri baino, hobe buruetan jarriko bagenu pemtsamendu kritikoa landuz"

Maiz, datuak entzun eta beldurtu egiten gara, pornoari errua botatzen diogu, eta pornoa desagerrarazi behar dugula ondorioztatzen dugu, hori erraza izango balitz bezala… Ez litzateke azpiko merkatua sortuko droga eta bestelakoekin gertatzen den bezala? Hala ere, ahalegina egin behar da ume eta gazteen eskuetara hel ez dadin. Iristekotan, ahalik eta beranduen izan dadila, eta iristen bazaie, eragina gaur egun bezain handia izan ez dadin bere buruak prestatzea.

Maria Rodriguezek esan bezala, filtroa dispositiboetan jarri baino, hobe buruetan jarriko bagenu pentsamendu kritikoa landuz. Horretarako sexualitatearen dimentsioa txikitatik modu ulerkorrean izan behar dute eskura.

Baina nola egin? Ez dago errezeta magikorik, baina badakigu bidea sexuen heziketa egokiaren eskutik egin behar dugula eta horretarako ezinbestekoak osagaiak ditugu:

-Sexu eskubideak pertsona guztiek izan behar dituzte bermatuak. Sexuen heziketa eskubide horietako bat da.

-Sexualitatea ulertu. Sexualitatea ez da egiten duguna, garena baizik. Jaiotzez sexudunak gara eta gorputza, emozioak, identitatea, desioak, binkulatzeko beharra, gozamena…gure izate sexudun horren parte dira.

"Sexu eskubideak pertsona guztiek izan behar dituzte bermatuak. Sexuen heziketa eskubide horietako bat da"

-Ume eta gazteek jakin-mina dute, ikasi nahi dute eta sexualitatea lantzeko aukerak behar dituzte. Irakasle, familia, entrenatzaile, pediatrak…Guztiok ahalbidetu behar ditugu horiek.

-Sexuen heziketa positiboa ahalbidetzeko prest gaude? Heldu gisa ditugun sexualitatearen inguruko ideiak, sinesmenak, bizipenak berrikusi behar ditugu, horiek direlako heztean transmititzen ditugunak, modu kontziente zein inkontzientean izan.

-Sexualitateaz aritzeak ze emozio pizten dizkigu? Eta pornoaz? Batean lotsa nagusitzen bada, bestean beldurra izaten da, eta miserietatik ezin da ezer positiborik eraiki. Positiboa landuz, arriskuei aurre egiten zaie. Arriskuak soilik landuz, positiboa den guztia, pertsona bera, kanpo uzten dugu.

-Sexologoak eta beste hezitzaileak bereiztu behar ditugu. Sexologoon funtzioa formakuntza eta ezagutza zientifikoan oinarritutako esku hartze programatuak egitea da. Beste eragile guztiek egunerokotasunean hezten duzue. Ume eta gazteentzako eredu eta erreferente zarete, egoera asko kudeatzen dituzue, galdera askori erantzuteko aukera duzue… eta zuen sexualitatearen ideiak eragingo du horietan guztietan. Guztion lana ezinbestekoa da sexuen heziketa ona egiteko.

Argi dugu sexuen heziketa egokiak pornoaren eragina gutxitu egiten duela; ez hori bakarrik, onuragarria da pertsona guztien bizitza hobetzeko.

Maider Garcia de Bikuña.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago