Iritzia

Pornoa errudun

Argazkia: Unsplash

"Pornoari mugak jarri behar dizkiogula argi dago, baina ez dezagun iparra galdu"

Azken hilabeteetan "porno" hitza inoiz baino gehiago entzun dut, eta ez naiz sexuen heziketa saioetan sexologo moduan entzuten dudanaz ari. Telebistan, irratian zein kanpainetako karteletan… eta kezkatzen hasia naiz.

Ez nau kezkatzen pornografiaz hitz egiteak, kontrakoa, bazen garaia ume eta gazte askoren bizitzan duen presentziaz ohartzeko. Ez nau kezkatzen komunikabideetan honen inguruan aritzeak eta eztabaidatzeak, osasuntsua iruditzen zait.

Pornoak, ume zein gazteengan, eragin txarra izan dezakeela ezin dugu ukatu. Helduontzako edukia da, eta garai honetarako gure nortasuna, ardurak, errespetua, autoestimua, adostasunaren beharra eta berdintasunean oinarritutako harremanak, besteak beste, garatuta izan beharko genituzkeela suposatzen da; eta bestelako edukiekin legez, eduki pornografikoen funtzioa ez da guri ezer ez irakastea, gu entretenitzea baizik.

Pornografia mainstream-a, gehienetan modu errazean eta dohainik ikusgai dagoena, oldarkorra eta matxista dela agerian da. Gainera guztiz falozentrikoa da, zakila jaun eta jabe, eta sarketa oinarri. Gorputzek ez dute baliorik gozatzeko bide gisa. Batzuen kasuan zakila da balioa duen bakarra eta besteen kasuan bere gorputzeko zuloek.

Beste mota bateko pelikulak aztertuz gero, askok ditugun balioekin bat ez datozela ondorioztatuko dugu berdin-berdin. Baina ez dago kezka bera horiekin. Zergatik?

Helduok nolabaiteko ezinegona sentitzen badugu, gure barnean sexualitateak suposatzen duen tabua, ezjakintasuna, hitz egiteko zailtasuna eta bestelako hamaika muga ditugulako da

Indarkeria badago, arrazakeria badago… Ez al dute eredu desegokia eskaintzen? Ez al dute eragin txarrik izango ume eta gazteengan? Badakigu errespetuaren garrantzia eta harreman positiboen bestelako elementuak barneratuta badituzte, ez dutela modu oldarkorrean jokatzen. Badakigu arraza ezberdinekiko onarpena landuta dagoenean, pelikula arrazistak ikusteak ez daramala inor nazien modura jokatzera.

Baliteke sexualitatearekin zerikusia duenak gure barrenak gehiago mugiaraztea, bai pelikuletan, bai gure txiki eta gazteek sexuen heziketa saioak dituztenean, bai honen inguruko galderak egitean. Helduok nolabaiteko ezinegona sentitzen badugu, gure barnean sexualitateak suposatzen duen tabua, ezjakintasuna, hitz egiteko zailtasuna eta bestelako hamaika muga ditugulako da.

Helduok sexuen heziketa egiteko gai ez garenean, gazte eta ume horiek internetera joko dute ezagutza iturri bakar gisa. Zalantzak eta kuriositatea izatea naturala da, eta asetzeko bideak beharrezkoak dira. Helduak hezitzaileak gara, informazio eta formazio iturri izan behar gara.

Pornoari mugak jarri behar zaizkiola argi dago, eta ez da batere egokia ume eta gazteek ikustea, baina ez dezagun iparra galdu. Gazte batek pornoa errealitatea dela uste badu, errealitatea nolakoa den inork ez diolako azaldu da.

Maider Garcia de Bikuña.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago