Menopausiaren Munduko Eguna ospatzen da urriaren 18an, 2000 urteaz geroztik. Menopausiaren Nazioarteko Elkarteak (SIM) eta Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) batera aukeratu zuten data hori emakume guztiak bizitzako etapa honi buruz hezteko asmoz, eraman beharreko bizimodua eta menopausiaren etorrera erakusten duten sintomak adieraziz.
Egun honek bisibilitatea ematen dio menopausiari, eta oso garrantzitsua da honen inguruko ezagutza hobetzea garai hau modu osasuntsuan bizitzeko. Munduko erakundeek duten xedeari, besteren bat gehitu nahiko nioke. Batetik, klimaterioa edo perimenopausia zer den ikasi beharko genuke, ez soilik menopausia. Bestetik, garai hau inguratzen duten sinesmen oker guztiak deseraiki beharko genituzke. Eta, gainera, hau biziko ez dutenek ere ezagutu beharko lukete prozesua ulertu eta bidelagun izateko.
Bizitzako beste etapa bat besterik ez da hau, ezkutuan eta mezu negatiboz josia egon den garaia, alegia. "Hau emakume zaharren gauza da", "emakume horrek ez du balio jada", "lehor dago", "harreman erotikoetarako desioa desagertzen da", "sexu harremanak mingarriak bihurtzen dira". Halako ideia eta sinesmen okerrek gure ikuspuntu eta bizipenetan eragina izango dute.
Menopausia, berez, hamabi hilabetean hilekorik ez izatea da. Klimaterio edo perimenopausia, 45-55 urte ingururekin ematen den prozesua da. Pubertaroan ugalkortasun fasean sartu eta horretan hamarkada batzuk pasa ondoren, klimaterioaren aldaketa hormonalek fase berrirako bidea egitera eramango gaituzte, izaera ziklikotik linealera igaroz.
Prozesu naturala da, eta hala ikusten ikasi beharko genuke. Bai pubertaroan, bai klimaterioan ere, aldaketa fisiko, psikologiko, emozional eta harremanetarikoak daude. Ezin dugu pubertaroa menarkia (lehen hilekoa) izatera mugatu, ezta klimaterioa menopausia (hilekoa desagertzea) izatera mugatu ere. Historikoki emakumeon balioa umeak izateko gaitasunean oinarritu da tamalez, hortaz hilekoa noiz etorri eta noiz desagertu garrantzia zuen. Baina zorionez, egun, emakume izatea ez da umeak izatearen sinonimo, eta klimaterioa eta ondorengo urte guztiak modu aktiboan biziko ditugu.
Prozesu hauetan asko dira ematen diren aldaketak eta osotasunean ezagutzea garrantzitsua da ulertu, onartu eta positiboki bizi ahal izateko. Aukera polit berriak ere irekitzen dira, ez pentsa!
Klimaterio osasuntsu bat izateak ondorengo hamarkadak osasuntsu bizitzea dakar. Osasuntsu egotea ez da gaixotasunik gabe bizitzea soilik. Ongizate fisiko, psikologiko, erotikoa…behar eta merezi dugu.
Ezagutza da ongizaterako bidea. Ezer ez ezkutatzeko, asko ikasi eta gozatzeko