Erotika, gorputzak eta bereziki emakumeon gorputzak, produktu bezala erabiliak izan direla ez da berria. Izaki sexudunak gara, eta gure interes, jakinmin, desio eta kitzikapena pizten duen estimuluen erabilera handia izan da eta bada gaur egun ere. Honetan ere, emakumeon gorputzak lehen postuan daude iragarkietan, prostituzioan edota eduki pornografikoa zabaltzen duten webguneetan, besteak beste. Gurekin negozioa egiten da.
Batzuetan guk negozio horretan modu kontzientean hartuko dugu parte, industria zehatz batekin lan eginez, eta hausnarketa interesgarria egin daiteke honen inguruan. Orain, ordea, baimenik gabe gure gorputzen erabilera beste norbaitek egiten duenean ekarri nahi dut hausnarketara.
Azken asteetan kasu ugari izan dira komunikabideetan, eta piramidearen punta besterik ez dira.
Almendralejoko neska talde baten argazkiak hartu eta adimen artifizialaren bidez biluztu dituzte, argazki horiek zabaldu eta erabilera berauen eskuetatik ihes eginez.
"Zergatik norbaiten musuak edo zirriak jaso lantokian, tabernetan...?"
Futbolari batek adostutako harreman erotikoak izan zituen emakume gazte batekin, baina horiek grabatu eta zabaldu ditu bere baimenik gabe.
Bikoteen artean (ez soilik gazteen artean) sexting-a egitea arrunta da; adostutako zerbait izanda ere, norbaitek bere partea ez betetzea gerta daiteke eta gehiagotan ematen da nesken irudiak zabaltzea.
Hondartzan neska asko dira topless egiten ez dutenak, arrazoi ezberdinak tarteko, baina norbaitek mugikorrekin grabatu eta zabaltzea da arrazoi horietako bat.
Adibideekin jarraitu baino, hausnarketa piztu nahi dut. Zer dela erabil dezake norbaitek gure gorputza nahi bezala? Zer dela eta gure gorputz biluzia gu umiliatzeko bide izan? Zergatik biluztu gaitzake baimenik gabe? Zergatik norbaiten musuak edota zirriak jaso lantokian, tabernetan…?
Zerrenda amaigabean, komuna den zerbait agerian da: patriarkatuaren zapalkuntza. Emakumeak ez gara eskubide osoko gizakiak, bai legez, baina ez oraindik egintzez. Gure gorputzak gizonak asetzeko dauden sinesmenak bizirik dirau, eta gure hitzak ez du baliorik, gizon horien nahiarekin bat ez datorrenean.
Hau oso larria da, emakumeon kontrako indarkeria eguneroko kontua da, eta bide luzea dugu aurretik hau eraldatzeko. Lidergoa emakumeona da, gure gorputzak eta gure askatasuna bezala, inork ez du horiek zapaltzeko eskubiderik, baina gizonen hausnarketa eta maskulinitate ereduaren eraldaketa ezinbestekoa da, hor baitago zapalkuntzaren erroa.
Azken hamarkadetan aurrera egin dugu eta hauetaz hitz egiteak, salatzeak, hausnartzeak… aldaketa erakusten dute. Ez gaude lehen bezain gaizki, ez etsi. Patriarkatua galtzen ari direnen oihuak dira. Etorkizuna feminista izango da eta libre izango gara!
Maider Garcia de Bikuña.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.