Ekainean, Errefuxiatuen eta Harrotasunaren egunak izan genituen. Baliteke beraien arteko harremanik ez ikustea, baina izan badago, handia gainera.
Ekainaren 28a LGTBIQA+ Harrotasunaren eguna da, cisheteronormarekin betetzen ez duten guztien eskubideak, onarpena eta harro egoteko arrazoiak kaleratzeko eguna. Cisheteronorma: "Desira sexualak eta afektiboak eta norberaren identitatea adierazteko modu onargarri eta normal bakarra heterosexualitatea da, zeinak suposatzen baitu maskulinoa eta femeninoa funtsean osagarriak direla desioari dagokionez. Gizabanakoen artean ezartzen diren lehentasun sexualak, rolak eta harremanak maskulino/femenino binarioan oinarritu behar dira, eta beti bat etorri behar du sexu biologikoak genero identitatearekin eta gizarteak hari esleitutako desioekin"(CEAR).
Gurean aldarrikatzeko beharra badugu, askoz larriagoa da munduko leku ugaritako egoera. Amnesty Internationalek dioenez, homosexualitateak heriotza zigorra du 11 herrialdetan, beste 70etan ilegala da eta gutxienez 3.664 pertsona trans erail dituzte 2008tik 2020ra. [...]
Pertsona batek arrazoi askorengatik utz dezake bere herria (gerrak, gosea, pobrezia…), eta munduan 108 milioi pertsona inguru dira etxea atzean utzi dutenak, eta horietako 28k errefuxiatu egoera eskatu dute. Bizitza arriskuan ikustean, errefuxiatu egoera eska dezakete munduko beste lekuren batean, baina estatuek baloratuko dute arrisku hori eta sexu identitatea, desioa edota genero adierazpena cisheteronormarekin bat ez etortzeagatik jasandako erasoak eta askatasun eza.[...]
"Ez dezagun inor gure herrian 'errefuxiatu bilakatu', eta ez ditzagun ateak itxi ihesi datorrenari"
Europako herrialde askotan lege aurrerakoiagoak ditugu, eta norbaitek erasoa jasoz gero, gorroto-delitua salatu dezake, eta erakundeen babesa lortu. Legeak eta babesa ezinbesteko aurrerapausuak dira. Baina ez gaitezen engainatu, beste batzuk baino hobeto egoteak, ez du ondo egotea esan nahi. Hemen ere baditugu homofoboak, transfoboak eta aniztasuna ulertzen eta errespetatzen ez dutenak; hemen ere baditugu diskriminazioa bultzatzen dutenak, pintada mingarriak egiten dituztenak, jipoiak jasaten dituztenak, seme-alaben izaera onartzen ez dutenak… Askatasuna ez da soilik kartzelarekin ukatzen, aniztasunarekiko errespetuan oinarritzen ez diren jarrerak dira gure jendartean kartzela.
Sexu-aniztasuna izaki sexudunak izatearen funtsezko ezaugarria da, eta sexualitatea zerbait baldin bada, anitza da. Ez daude bi pertsona berdin, gure gorputzak, gure identitatea, gure desioak, sentitzeko moduak, adierazteko moduak… gureak dira, bakarrak eta errepikaezinak. Ez dezagun inor gure herrian "errefuxiatu bilakatu", eta ez ditzagun ateak itxi ihesi datorrenari.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.