iritzia

Gure desioak

Argazkia: Pixabay

"Gure sexu moral kulturalak zenbait irizpide markatzen ditu, eta malgutuz badoa ere, nahiko errotuta ditugu"

Sexu-desira emozio bat da, bulkada bat, beste pertsona batzuekin barru-barrutik elkartzera bultzatzen gaituen indar bat. Motibatzen gaitu harremanak izatera, intimitatea partekatzera, harreman afektiboak eta sexualak izatera, gozatzera eta ondo pasatzera, plazera sentitzera, etab.".

Desirak ez dira onak ez txarrak. Norberaren iruditegia eraikitzen dute. Batzuetan desio horiek jokabide bihurtuko ditugu eta bestetan, fantasiaren bitartez, errealitatean gertatu ezin diren desirak imajina ditzakegu. Batzuk ezingo dira jokabide bihurtu egoera hori sortzeko aukerarik ez dugulako izango, bestetan fantasian asko berotzen gaituen desio hori jokabide bihurtzean arriskutsua suerta daitekeelako, mingarria akaso, delitua agian... Irudimenean dauden bitartean, ordea, ez da mugarik, ez kalterik, beraz ez genuke ez arriskurik ezta erruduntasunik sentitu behar.

Gure desioak barnetik sortzen badira eta besteekin harremantzera eramaten bagaituzte, logikoa litzateke pentsatzea bakoitzarenak propioak izango direla, hortaz, oso desio ezberdinak izango ditugula eta gogoko joko erotikoak anitzak izango direla. Eta hala izango da, baldin eta gure irrika estereotipo eta erotika eredu hegemonikotik askatzea lortzen badugu.

Gure sexu moral kulturalak zenbait irizpide markatzen ditu, eta malgutuz badoa ere, nahiko errotuta ditugu. Fisikoki gaztea eta "ederra" ikusiko dugu erotikoki aktiboa eta desioa pizteko gaitasunarekin. Heterosexualitatea nagusituko da. Genitalak erdigunean jarriko ditugu joko erotikoetan, batzuetan ugalketa bilatuz eta askoz gehiagotan orgasmoa lortu nahian. Plazera baino, orgasmoak kuantifikatuko ditugu, plazera kapitalizatuz. Eta emakumeak objektu desiatua izaten jarraitzen du eredu horretan. Lehen, pasiboa eta gizonaren zain, bere ohorea (eta familiarena) defendatzeko, bere desioak aldenduz. Gaur, desiragarri izateko eta balioa irabazteko bide bezala, jarrera aktiboa izan dezake, baina objektu pasibo izaten jarraituko du, bestearen desioetara bideratzen badu jokabidea. Gizonen balioa, oraindik ere, harreman erotikoak zenbatekin edo iraun duenaren (koitoa egiten) arabera aldatzen da.

Besteekiko desioa sentitzea naturala da, baita besteentzako desiragarri izatea gustatzea ere. Baina bestearekiko desioa sentitzeko guztiok berdina behar dugu? Jokaera zehatz batzuk beharko ditugu?

Zorionez asko gara estereotipoetatik aldenduz goazenak, desioak aske, erotikan eta gozamenean jarrera aktiboa, desio propioak eta besteon desioak kontuan izaten ditugunak plazerak konpartitzeko. Bide hau irekitzeko, batzuetan adina eta eskarmentua behar dugu, baina zalantzarik gabe ezinbestekoa izango zaiguna eredu erotiko hegemonikoari hausrnarketa eta kritika egiteko tartea hartzea da. Prest?

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago